Milaka ikasle klasera itzuli dira Euskal Herri osoan, eta hezkuntza komunitateko langile, irakasle eta gurasoak ere buru-belarri zabiltzate jadanik, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko lanean, administrazioak gauzak batere erraz jartzen ez dituen arren: inbertsio eta baliabide publiko falta, lan-karga burokratiko handiak, behin-behinekotasuna, ebaluazio sistema baztertzaileak, segregazioa, euskarazko ereduari trabak, ratio desegokiak, curriculum puztuak… Tamalez, eguneroko ogia dira horiek guztiak.
Baina herri eta jendarte hobeago bat nahi badugu, denok dakigu funtsezkoa dela gure haur eta gazteei heziketa duin eta inklusiboa eskaintzeko borrokan jarraitzea, inor ez dadin atzean geratu. Izan ere, afrikar esaera zaharrak dio azkar joan nahi baduzu, bakarrik joateko; aldiz, urrutira heltzeko, taldean joatea dela onena. Gauza bera gertatzen da eskolan.
ARGIAn gertutik jarraitzen ditugu ikastetxeetako borroka eta erronka horiek guztiak. Gure webguneko Hezkuntza kanalean gai ugariri buruzko albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak aurkitu ditzakezu. Gainera, astekariko zein Larrun gehigarriko orrialdeetan hezkuntzari loturiko alternatibak, ideia berriak eta hausnarketak plazaratzen ditugu. Esaterako, ekainean Nola irakurzaletu ikasleak monografikoa kaleratu genuen, Mikel Garcia lankidearen eskutik.
Garbi dugu Hezkuntza gai garrantzitsuegia dela berarekin negozioa egin nahi duten lobbyen eskuetan uzteko. Koldo Rabadan irakasleak gurean argitaraturiko Bidean liburuan Francesco Tonucci psikopedagogo eta marrazkigilea aipatzen du, eta dio eskolak aldatzeko ausart jokatu behar dugula, ez daitezen fabrika huts bihurtu.
Horretan saiatzen gara gu ere, ausart jokatzen, konbentzituta gaudelako kazetaritza ere badela bidea jendartea hezteko eta eraldatzeko. Euskal Herrian eta munduan gertatzen dena begiratzeko leiho kritiko bat izan nahi du ARGIAk, euskarazko tresna bat, baita eskolan ere, irakasle zein ikasleentzat. Baina Euskal Herri osoko euskal astekari bakarra den arren, gezurra badirudi ere, ikastetxe askotara oraindik ez da ARGIArik iristen. Guri ere ez dizkigute gauzak erraz jartzen.
Horregatik jotzen dugu oraingoan zehazki zuengana, irakasle, ikasle, langile zein gurasoak: hezkuntza zentro bateko partaide bazara eta ez baduzue bertan aldizkaria jasotzen, eskatu ikastetxeko arduradunei ARGIAko harpidetza egiteko. Eta halako beste kasurik ezagutzen baduzu, jarri gurekin harremanetan. (komunitatea@argia.eus / +34 943 37 15 45).
Jende txiki askok, leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Lagundu ARGIA Euskal Herriko ikastetxe guztietara eramaten!