Lanak emango dizkigu agenda honek

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aurreko astean hitz egin genuen lurraren erritmoa jarraitzen duela gorputzak ere. Interesgarria iruditu zitzaidan oso eta nahiko logikoa, ni konbentzituta bainago ilargiak pertsonok ere mugitzen gaituela. Zergatik ez ditu mugituko, beraz, lurraren taupadak? Tabernako barra atzean lan egiten nuenean nabaria zen ilargi betea, baina baita elurra edo hego haizea ere. Ai, izan banu agenda bat mugimendu haiek apuntatzeko…

Orain badaukagu agenda hori eta izena du Ilargia eta landareak agenda. Jakoba Errekondoren jakintzarekin eta Antton Olariagaren esku-pintzelekin ondua da eta 2025ekoa salgai daukagu dagoeneko Argiaren Azokan. Askorentzat ezaguna izango da eta zenbaitek izango ditu aurreko urteetako agendak, apuntez beteta, apalategian gordeta, kontsultategi modura. Guk gure etxean beste urteetako agendetako Olariagaren marrazkiak ditugu gordeta, umeei animalien irudiak erakutsi eta detaile bakoitzarekin jolas egiteko. Erabilerak askotarikoak ditu agenda honek, erabiltzaileak adina ia. Ez baita soilik hitzorduak zerrendatzeko koadernoa, egiten baitigu ilargiaren kokapenaren arabera astero lurrari lotuta egin ditzakegun lanen proposamena.

Norentzat da agenda hau?
Beraz, baratzea egiten dutenek –edo fruitu baratzea dutenek, edo lore baratzea, edo basoa–, badute egitekoen zerrenda eta egiten dituzten lanak bertan idazteko txokoa –noiz erein duten, zein baldintzatan, zer arazo izan dituzten, nolako uzta jaso duten…–, horrela hurrengo urteetan informazio hori kontrasterako erabiltzeko. Edo agenda hau erabil dezake bulegoan lan egiten duen batek, bai baitu espazioa bulegoko eguneroko lanak idazteko eta lurrarekin kontaktu zuzenean lanean ari ez denarentzat atsegin eta garrantzitsua izan baitaiteke kanpoan natura zertan dabilen jakitea. Agenda hau baliatu dezakete ikastetxeetan, eskola baratzea izan zein ez, oinarrizko ezagutza bat izan dezaten ikasleek. Baita baratzerik izan gabe ere bertakoa eta sasoikoa jan nahi duenarentzat ere, azaltzen baita hilero zein barazki diren garaikoak. Hizkuntza zaleentzat ere interesgarria izan liteke, astero esaera zahar bat dakarrelako eta lurrari lotutako terminologia oso bat. Eta natur zaleek ere baliatu dezakete, hilabetero bertako animalia baten berri dakarrelako, Antton Olariagaren ilustrazio eder batekin osatua.

Aurten, gainera, hilekoaren jarraipena egiteko orrialdeak gehitu ditugu; ilargiaren zikloetan ibiltzen garenontzat baliagarri.

Lur mutur bat landu edo ez, agenda honek lagunduko digu egunerokoa antolatzen eta naturaren erritmoan bizitzea zail bazaigu ere, behintzat natura zein erritmotan dabilen kontziente izaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA