Ezkutuan geratzen diren egileak

argia
0
Dom Campistronen eta Paula Estevezen ilustrazio batzuk, iritzi orrialdeetan argitaratutakoak.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lagun bat dut ikus-entzunezkoen munduan argi eta soinu lanetan ibiltzen dena. Alegia, pantailan film edo dokumentalaren amaieran agertzen diren izen horietako bat. Berarekin ikasi dut, lan hori egin duten guztiei errespetuz bada ere, amaierako kredituak bukatu arte itxaroten. Artikulu bateko argazki edo ilustrazioekin ere antzeko zerbait gertatzen denaren susmoa dut. Irudi horien egileak ezkutuan geratzen direla. Gaur Paula Estevez (Donostia, 1984) eta Dom Campistronekin (Aldude, 1994) hitz egin dut, astekari honetako iritzi-artikuluen ilustratzaileekin.

Ostiralero jasotzen dute aste horretan ilustratu beharreko testua. Biek aitortu digute jaso bezain pronto irakurtzen dutela eta gero “egun batzuk” hartzen dituztela imajinazioari tarte bat irekitzeko, testuari buelta bat emateko, irudiak pentsatzeko. Estevezek, ordea, marrazten hasterako testuko kontzeptu nagusiak zerrendatzen ditu: “Ondoren, kontzeptu horiek irudikatzeko moduak bilatzen ditut zirriborroen bitartez. Batzuetan oso kontzeptu abstraktuak dira edo ideia asko biltzen ditu testuak, eta orduan zati edo ideia zehatz bati heltzen diot”. Campistronek, aldiz, azaldu digu lan egiteko modu desberdinak dituela jasotzen duen testuaren eta egilearen arabera: “Batzuk irudiak idazten dituzte haien hitzetan eta orduan irudi horiek errazki erabiltzen ahal ditut ilustrazioaren marrazteko. Bertze batzuetan gaia aski teorikoa izaten ahal da eta orduan entseatzen naiz testua bere orokortasunean irudikatzen”.

Sareak iturri
Hala adierazi digute biek, sareak dituztela inspirazio-iturri. “Gaur egun inspirazio-iturri gehiegi dauzkagu”, aitortu digu Estevezek eta berak azpimarra jarri nahi izan du kazetaritzari lotutako ilustrazioari dagokionez The New Yorker-ek argitaratzen dituen lanetan. Aldiz, Campistronek Instagramen jarraitzen ditu ilustratzaile askoren lanak, “lagungarri zait ideia berri batzuen ukaiteko”, baina beti bilatzen ditu berriak ere.
ARGIAkoa ez da egiten duten lan bakarra. Donostiarraren kasuan, azken hilabeteetan Elkarrek urte amaieran argitaratuko duen Linbo Planeta haurrentzako komikian ibili da lanean buru-belarri eta baita Tupust! Kolektiboak maiatzean kaleratutako hirugarren komikiaren promozioan ere. Aldudekoaren ilustrazioak Berria-n edo Iparraldeko Hitza-n ere topa ditzakegu. Bekatorosak liburua irakurtzea gomendatu digu, eta ezker-eskuin muralak tindatzen ari denez, posible da hormaren batean ezaguna zaigun eskuren bat topatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA