[Itsaso Zubiria Etxeberria] Liburutegiko sarreran lehen lerroan egon ohi diren Berrienak bildumatik pixka bat aldendu eta barrurago geratzen diren eta nobedade izateari aspaldi utzi zioten liburuz betetako apalategietan murgiltzen naiz tarteka, altxorren bat non bilatuko. Ordea, izenburuak ezagunak eginagatik ere, “klasikoren” bat irakurtzeko gogoa bai, baina zeri heldu asmatu ezinda ibilia naiz maiz. Neure modukoentzako atala astekarirako martxan dela jakiteak poztu dit gaur eguna.
Gerotik gerora izena du hilean behin Kulturako bi orriko bat beteko duen atalak, eta oinarria da liburu “klasikoen” berrirakurketak egitea. “Ez klasiko gisa hain erraz katalogatuak direnak, baizik eta liburu zaharrak berrartzeko ariketa izango da, atzera begiradarik galdu gabe, gaurko egunean berrirakurtzea eta gogoetatzea”, esan dit atalaren koordinatzaile Gorka Peñagarikanok.
Euskarazko literatura eta langile mugimendua
Bi alor horiek landuko dituzte Gorka Bereziartuaren eta Paul Beitiaren artean, txandaka; lehenak euskarazko literatura xehatuko du, eta bigarrenak langile mugimenduaren historian mugarri izan diren liburuak. Zein, zehazki? Bada zerrenda nahiko behin-behinekoa omen dute eta ez dituzte eskuak gehiegi busti nahi izan, baina ziurtasunez dakiguna da zenbaki honetan kaleratuko den aldizkarian Gorka Bereziartua Axularren Gero liburuaz ari dela, eta Paul Beitiak Zer egin?, iraultzaile errusiar askoren (tartean Lenin) inspirazio izan zen Nikolai Txernyxevski-ren nobela aukeratu duela lehen kolperako.
Garaian kokatuko dute, lehendabizi, liburua, testuingurua emanda argitalpen uneari, une historikoari, egileari… Eta liburu klasiko oro irakurtzen denean egiten den galderari erantzutea da asmoa: zer nolako baliozkotasuna du gaur egun liburu honen edukiak? Esan nahi baita, nola zahartu da liburua?
“Azterketa eta analisian egongo da mamia”, azaldu digu koordinatzaileak eta “dimentsio politikoa hartu lezake artikulu orok eta interesgarria izango da irakurlearentzat”, gehitu du.