Berriaren freskotasuna eta zaharra ezagutzearen erosotasuna

argia
0

Ahots eta luma berriak iritsi zaizkigu 2025arekin ARGIAra. Iritzietan sinadura berriak topatzen hasia izango zara, irakurle, eta igual bateren baten falta ere sumatuko zenuen honezkero. Beti iruditu izan zait lan zaila egunkarietako eguneroko zutabegileena. Ez diot errespetu berezirik orri zuriari, baina handia esateko daukadanari. Uste dut astekariko orrialdeetatik alde egin berri dutenek asmatu dutela zerbait interesgarria kontatzen eta marrazten. Berriek asmatuko dute? Baiezkoan nago.

Kultur kritiketan Ainhoa Mariezkurrena Etxabe dugu beteranoa, hilean behin zuzeneko antzerki eta ikuskizunen kronika egiten diguna. Berarekin batera ari dira azken urtebete-urte eta erdi inguruan Udane Barinagarrementeria Laka eta Uxue Gutierrez Lorenzo, eta azken fitxaketa dugu Gorka Intxausti ondarrutarra sortzez, batez ere musikari Arabatik helduko diona (Ametzaga du bizileku). IƱigo Satrustegi nafarra da joan zaiguna, albistea pena handiz jaso badugu ere, zeren Nafarroako kultur eskaintzaren jarraipena egiten laguntzen zigun.

Irudiak ere izan ditu aldaketak, orain arte bi astean behin iritzien ilustrazioak egiten aritu den Paula Estevezek osatu baitu zikloa. Haren ordez, baina, Maider Leturiaga zarauztarra hasi da dagoeneko koloreak astintzen eta ilustrazioan esperientzia handia duen honek ilusioz heldu dio proiektu berriari. Estevezek, dena den, ARGIArekin harremanetan jarraitzeko asmoa du eta kolaborazio puntualak egitekoa.

Eta zer esan Materialismo histerikoaz… Uxue Apaolazak ere amaitu du asteroko jarduna. 2022ko irailaren lehen zenbakiarekin hasi zuen sailak itxi ditu 2025arekin ateak. Idazkera berezia, oso berea, oso Apaolaza izan du, gai arantzatsuei heltzeko gaitasuna, arlo sozialeko gaiez zein euskararen ingurukoez zorroztasunez mintzatzekoa; eta nago lortu dituela jarraitzaile asko. Dolu txikia pasatzen ari zareten horiei guztiei esan, hemendik aurrera, maiztasun urriagoz bada ere, iritzietan leitu ahal izango dugula Uxue.

Aipatu gabe ezin utzi kulturan orain arte aritu eta geldialdia eskatu duten Kepa Matxain eta Jone Alaitz Uriarte, eta izen berri eta, zergatik ez, gazteei ongi etorri: Leire Vargas, Maddi Sarasua eta Larraitz Fagundez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA