Pentsamendu kritikoa eraikitzeko Lutxi gunea

argia
0
Ordiziako Lutxi gunean hausnarketarako gaiak begien bistan jartzen dituzte, aldizkariak hormetan zintzilik jarrita. Besteren artean ARGIA piloa aurki daiteke.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Azaroan eta abenduan ez nuen aukerarik izan Ordiziako Lutxi Irazi gunera gerturatzeko. Emakumeen aktibismoa goraipatzen eta Euskara ahoan eta ibili munduan izan dira aurreko hilabeteetako gai gomendatuak eta pena dut ez bainaiz gerturatzera iritsi, baina urtarrilean bai, heldu naiz Ordizira, eta gaia ez da makala: Gerra(rik ez) eta migrazioa. Aktualitateko gaiei heldu eta herritarrak informazioz janztea dute helburu, Irakurketa hazia, pentsamendu kritikoa uzta lelo. Beste aldizkari eta liburu askoren artean, ARGIA eta Larrun oso presente dira.

KGT kolektiboak duela lauzpabost urte irekitako espazio honek historia luzea du, 40 urte egitera doan Ordiziako Gaztetxearen eta Arlote irratiaren hastapenetatik pixkanaka osatzen joan diren liburutegia baitu ernamuina. Zer da leku hau? Galdetu diot Mate izenez aurkeztu didaten KGT kolektiboko kideari. “Urtetan zehar osatu dugun bilduma; aldizkari, liburu eta dokumentuz betea, herri mugimendua indartzea helburu duena. Hona datorrena nahiko genuke etortzea dokumentuetan murgiltzera, zerbait bereziki zehatza aurkitu nahirik gabe, altxorrak topatzera”, erantzun dit. “Urtarrileko gaia da Gerra(rik ez) eta migrazioa eta zintzilik ikusten ditut ARGIA asko”, jarraitu dut elkarrizketarekin. “Azaroan hasi ginen gomendatutako gaiak pasillora ateratzen, interesgarriak iruditzen zaizkigun edukien hautaketa bat eginda, eta ondoan ditugunez KZ gunea eta Jabetze Eskolak, herritar askori informazioa eskurago jartzeko modua da. ARGIAk eta Larrun-ek protagonismo handia hartzen dute, guri interesgarri zaizkigun gai asko jorratzen dituztelako”, azaldu dit.

Lutxi gunea astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko 5etatik 7etara egoten da irekita eta astearte, ostegun eta larunbatetan goizeko 11etatik 13etara. 30 sailetan banatuta dago gunea eta galdetu diot ea hau guztia zenbaten artean duten antolatua: “Egia esateko, hiru lagun motibatu gara, zortzi laguntzaile ditugu inguruan eta dozenaka kide konbentzitzeko bidean”, esan dit, barrez.

“Goierritarrak gonbidatu nahi ditugu KGT kolektiboaren Lutxi gunera, informazioan murgildu eta iritzi kritikoa eraikiz, zalantzan jartzeko kontatzen digutena”, azpimarratu dit. Gomendatutako gaiaren esposizioan bakarrik, pasa dut ordubetetik gora artikulu batetik bestera saltoka; ARGIAtik Elhuyar-era, Larrun-dik Jakin-era… 40 urteotan egindako bilketara ez naiz iritsi ere egin. Beti utzi behar omen da zerbait, bueltatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA