Azoka eta merkatua

argia
0
Inor ez da ilegala proiektuko hainbat produkturen prezioak igoko ditu ARGIAk. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Erosketak egitera joan besterik ez dago ohartzeko saskia betetzeko ia kartera hustu beharra izaten dela. Garesti dago merkatua, eta estu, eroslea bezainbat saltzailea –denda eta postu txikiez ari naiz, noski–. Gaur ez gatoz miseriak kontatzera, baina bai azaltzera ARGIAren Azokako prezio batzuek –denak Inor ez da ilegala proiektuko produktuenak– gora egingo dutela martxoaren 18tik aurrera, ezinbestean.

Kateak ez du barkatzen. Ez dakit neronek ezagutu ote dudan produktu bat hasieratik bukaeraraino egiten duen enpresarik, baina zaharrek diote lehen hala egiten zela gehiena, XXI. mendeko munduaren alde honetan sinesgaitza badirudi ere. Eta orain bi pauso ez dira fabrika berean ematen. Kateak ez du barkatzen eta katebegi bakoitzean topatzen dugu garestitzea. Hornitzaile bakoitzak ditu gauzak konplikatuago, eta bere prezioak igo beharrean ikusten da, irabazi batzuk nahi baditu. Hala heltzen da Azokaraino produktua, salmenta-marjinak estututa. Bitartean, badakigu erosleak ere badituela mugak, eros-ahalmenak ez direla berdinak; eta sortzen da eztabaida: hornitzailez aldatu, merkeagoa bilatu, kalitatea jaitsi, ziurrenik hornitzailearen baldintzak okerragotu eta prezioak mantendu, ala eroslea ahalik eta gutxien estutzen saiatuta, salmenta-prezioak zerbait igo eta hornitzailea mantendu? Bigarrenaren hautua egin du ARGIAk. Ez ditu ausaz aukeratu hornitzaileak eta ahal dela beraiekin jarraitu nahi du, beraien baldintzak errespetatuta. Eta, aldi berean, ez du bizitzaren garestitzea guztiz eroslearen bizkar jarri nahi.

Mbolori ekarpena
Dena ez da negatiboa prezioen gorakada honetan. ARGIAk Inor ez da ilegala proiektuaren barruan saltzen dituen produktuen portzentaje bat Mbolo elkarteari ematen dio. Elkarlanean proiektuari bide ematen ari diren biek aspaldi zehaztu zituzten diru-ekarpenak. Prezioen igoera hau baliatu du ARGIAk elkarte horri egingo zaion ekarpena handitzeko.

Prezioetan aldaketa izango duten produktuen zerrenda:
• Kamiseta 17€ –> 20€
• Jertsea 28€ –> 32€
• Sudadera 32€ –> 36€
• Poltsa — Ez da aldatzen– 10€
Bidalketen gastuetan ere izango da aldaketarik, bidalketa arruntaren, nazioarteko bidalketaren eta doako bidalketa izateko mugaren kasuetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA