[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dakit beste hedabideetan ere berdina pasako den edo ez, ez dut haien errealitatea ezagutzen; baina ARGIAko kasuan, behintzat, praktikak egiten dituzten gazteen gehiengo handiak modu kontzientean aukeratzen du ARGIA. Alegia, ezagutzen dutela, kanpotik bada ere, proiektua, nahi dutela ikusi barrutik, lan egin nahi dutela bertan… Intza Artetxe Oronozen kasua da adibidea.
Otsailean hasi zuen praktikaldia 22 urteko donostiarrak, Soziologia eta Zientzia Politikoetako gradu bikoitzeko azken urtea Bilbon egiten ari den bitartean. “Txikitatik gustatu zait idaztea eta unibertsitateko ikasketetan pixka bat baztertuta izan dut, baina etorkizunean zer egin nahi dudan nire buruari galdezka hasita, pentsatu dut probatu nahi dudala kazetaritza”. Eta halaxe etorri da ARGIAra, ez kasualitatez, etxean harpidedun baitira aspalditik eta ezagutzen baitu. Ikasketak eta praktikak uztartzeko asmotan, bi egunetan etxetik egiten du lan eta beste bi egunetan Lasarteko erredakziora bertaratzen da. “Jabetzen naiz askoz gehiago ikasten dela bertan egonda, zuzeneko harremanean gauzak desberdinak baitira: zuzenketak, gai-proposamenak, edo baita otordu edo kafe bueltako solasaldi informalagoak ere”, adierazi du. Arlo akademikoan “ondo idazten” ikasten ari dela dio eta arlo pertsonalean beste esperientzia eta errealitate batzuk ezagutzeko eta “adituen iritziak” entzuteko balio diola: “askotan bazkalorduan eseri eta lankideen elkarrizketak entzutea bera da aberatsa niretzat”.
Zaindua izatearen pisua
Hori da behin eta berriro elkarrizketan azpimarratu duen sentimendua: “Zaindua sentitzea”. Hasierako beldur eta lotsak gainditu ditu Artetxek erredakzioan jasotako tratuarekin. “Hasieratik galdetu didate beti zer moduz nagoen, nola sentitzen naizen, zuzenketak egiten dizkidatenean ere asko zaintzen dute esateko modua, bromak egiten dizkidate pisua kentzeko… eta taldeko kide sentiarazten naute elkarrizketetan sartuz, hizketagaiak ulertzeko testuinguruak emanez…”, azaldu du.
Kultur arloa, musika, eta feminismoa ditu gai kutunak. Bi hilabete ditu aurretik praktikaldiari zukua ateratzeko. Ikasturtea amaitzearekin gradua osatzea du lehentasun eta gero… gero gerokoak.