[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gai polita jarri didate aste honetan. Kuriositatea pizten duena. Frikia, esan dezake bateren batek, eta arrazoi faltarik ere ez, akaso. Kontua da badagoela taldetxo bat gure Euskal Herri txiki honetan, Amerikako Estatu Batuetako NFL (National Football League / Futbol Liga Nazionala) futbol amerikarra jarraitzen duena, kirol hori maite duena; baina maite duena kirol hori euskaraz. Elkartzen dira partiduak ikusteko, egiten dituzte topaketak, badituzte jokoak, pikeak… eta aitzakia dut honetaz hitz egiteko, duela gutxi idatzi baitituzte hiru bat artikulu ARGIAn kirol honen inguruan.
NFL Euskaraz taldeaz ari natzaizu, irakurle, 2022an sortu zen eta gaur egun 60 bat lagunek osatzen dute komunitatea. Durangaldeko bizpahiru lagunen burutaziotik sare sozialetara egin zuten salto, bertan ezagutu zituzten Gipuzkoako beste jarraitzaile batzuk, sortu zuten lau laguneko Whatsapp talde bat eta eman zizkioten hegoak komunitatea osatzeko ideiari. “Irailetik otsailera izaten da NFLko denboraldia, beraz, otsailetik irailera bitarteko monoa pasatzeko Fantasy jokoa oso ezaguna da AEBetan. Bakoitzak osatzen du bere taldea, egoten dira fitxaketak, mugimenduak… eta guk ere antolatu dugu gure fantasiazko liga, Telegrameko kanala baliatuta”, esan digu Egoitz Etxeandia taldeko kideak. “Hau dena egiteak, baina, guretzat ez du zentzurik euskaratik ez bada”, azpimarratu du.
Hiztegia euskarara ekartzeko asmoa
Hasieratik izan dute terminologia euskaratzeko gogoa. “Latinoamerikan oso ohikoa da taldeen izenen gaztelerazko itzulpenak egitea, adibidez, eta horrelako zerbait egin nahiko genuke, nahiz eta orain arte buruan ibili ditugun izenek ez gaituzten gehiegi konbentzitu”, dio.
Badakite Hego Euskal Herrian badela futbol amerikarra jarraitzen duen beste komunitateren bat, “baina ez dute kirol hau euskaraz ikusten, komentatzen eta sentitzen, eta guretzat hori gabe zentzua galtzen du honek guztiak”.
ARGIAko artikuluen dirua nora?
AEBetan oso ezaguna da NFLri lotutako mahai-jokoa (irudian ikusten dena euskarazko bertsioa da). Egurrezko taula batean jokatzen da eta NFL Euskaraz-eko kideek baliatu dute artikuluen ordainketa, Bilboko Jesuitak ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasle batzuek teknologiako klaseetan mahai-jokoaren euskarazko bertsioak 3D laser inprimagailuetan inprimatu eta 30 taula egiteko.
Bad Bunny ikustera joan berri da jende mordoa Euskal Herritik (ere) Madrilera. Akaso, laster itsasoa gurutzatuko dugu euskal konkistatzaileok, Mitoaroa IV ikusteko, non eta Super Bowl-en!