Kazetari ona edo euskalduna

argia
0
Uda garaian arituko dira praktiketan Goiatz Iza (ezkerrean) errenteriarra eta Haize Oihartzabal (eskuinean) iruritarra. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zer eskatzen du herriak? Kazetari konprometituak. Zer eskatzen du herriak? Kazetari euskaldunak. Zer eskatzen du herriak? Kazetaritza konprometitua eta euskaraz! Eta horretan formatzera etortzen dira, hiru-lau hilabetean behin, gazteak; praktikak egitera. Euskaldunok ez dezagun hautatu behar izan, kazetari konprometituaren edo euskaldunaren artean. Medikuekin badaukagu nahikoa. Goiatz Iza eta Haize Oihartzabal dira azken uzta. Hiru hilabete dauzkagu euskarazko kazetaritza egiten irakasteko. Ariko ote dira aprobetxatzen?

Ekainean hasi eta abuztuaren azkenera arte erredakzioko parte izango dira biak. Bidearen ekuatorera iritsita, biak “oso gustura” agertu dira Lasarte-Oriako giroarekin eta lan egiteko manerekin. Azken aldian ez da sarri gertatzen, baina ostiraletan izan ezik (Haize Iruritatik etortzen baita eta barikuetan etxetik egiten du lan, bidaia bat aurrezteko), erredakziotik aritzen dira lanean. “Goizetako bilera asko gustatzen zaigu, eguna antolatzeko bilera izaten da, zer gai landuko ditugun denon artean adosten dugu, eta bertan egonda, baliagarria da guk landuko ditugun albisteez gain ARGIAk zeri erreparatuko dion ezagutzea; hedabidean kokatzen laguntzen baitu”, adierazi digute. “Zuzenketak ere hobeto barneratzen dira eta uste dugu beraientzat ere, aurrez aurre zuzenketak egin eta azaltzea erosoagoa dela”, gehitu dute.

Ez dizut ezer berririk kontatzen nik uste, irakurle, esaten dizudanean ARGIAko erredakzioan lanak ez direla gaika edo sailka banatzen. Baina praktiketan ari direnek asko baloratzen dute, gai guztiak ukitu eta lantzeko aukera ematen baitie honek. “Eta editore lana txandaka egiten dutenez, gainera, hainbat kazetariren zuzenketak jasotzeko modua dago; guretzat ederra, bakoitzak bere eran egiten baitigu batean edo bestean azpimarra”, azaldu dute.

Ez-ohiko bisitak
Kazetaritza lanaz harago (edo hain justu horren barruan, ARGIA ez baita prentsa idatzia bakarrik), asko baloratu dute “Antza inprentara eta Iametzara egindako bisita, Ametzagaña taldea eta ARGIAren historia hobeto ulertzeko modua izan baita”. Liburu-aurkezpen eta sinadura egunen bat ere izan dute hilabete hauetan, eta aukera izan dute Donostian egindako elkarretaratze bat “kubritzera” ateratzeko, “kaleko kazetaritza” egiteko.

Etxean irakurtzen duten ARGIA barrutik ezagutzeko eta proiektuan lan egiteko modua dute praktikaldia. Gazteekin lan egitea ARGIArentzat euskarazko kazetaritza independente eta konprometitua bultzatzeko modu bat gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA