[Itsaso Zubiria Etxeberria] Agroekologia ez da hitz makala. Duela urte gutxi batzuk irakurri ere kostata egiten genuen izena eta orain, behintzat, ez zaigu ezezagun; are, izana ere ezagutzen dugu zertxobait. Laborantza herrikoia deitzen diote beste batzuk. Iparretik Hegora izendatzeko manerak ere aldatzen dira, baina lurra herriari deika ari dela digute oroitarazten denek. Euskal Herrian bi izen handi horien pean dabiltzan hainbat eragile elkartu dira, urtero egin ohi dutenez, ARGIAren Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) egoitzan (denek ezin izan dute bertaratu), Lurra Herriari Deika kamiseten bidez 2020an hasitako elkarlanari jarraipena emateko.
Uztailaren 16an egindako bilera erronda batekin hasi zuten, eta bertaratutako elkarte edo talde bakoitzak azaldu zuen zertan ari den lanean. Biziola, Ereindajan Bergara, Baserritar Bilgunea, Bionekazaritza, Amillubi, Biolur, EHLG eta EHKOk eman zuten beren lanen berri bileran, txandan-txandan, eta ARGIAko Bizi Baratzea lantaldeko kideek ere kontatu zieten zertan dabiltzan. Urtean elkarren berri jakitea ez da gutxi, batez ere ARGIArentzat, laborantza munduko erreferentziazko esperientziak ezagutzeko aukera ematen baitu.
Lurra Herriari Deika kamisetek elkartu zituzten Euskal Herriko agroekologia mugimendua eta ARGIA, pandemian azokak itxi zituztenean, herritarrek laborariei elkartasuna adierazi nahi izan zietenean. Ordudanik 2.000tik gora kamiseta saldu dira eta kamiseta bakoitzeko ekarpena egiten zaionez agroekologia mugimenduari, diru hori zertan inbertitu pentsatzen hasi dira. Azaroaren 20an dute hurrengo hitzordua, ideiak gehiago xehetu eta erabakiak hartzeko.
Aurrera begira Lurra Herriari Deika lemapean beste kamiseta edo produktu berriak atera nahi dituzte elkarrekin, agroekologiaren edo laborantza herrikoiaren mezua gizartera zabaltzen laguntzen duelako. Aukera horiek ere aztertuko dituzte azaroko bileran.
Elkarrekin argazkia atera zuten eta bazkaritan jarraitu zuen berriketak. Urte askoan elikatu ditzatela harremanak laborantza herrikoiak eta ARGIAk.
Makinaria handi eta indartsu baten artean zirrikituak irekitzen ari denaren ondoan egon eta aritu nahi duela garbi du ARGIAk. Hau ere bada txikitik eragitea, txikiari lekua egitea, hitzetan gehiegi galdu gabe, ekitea. Apustua txikira. Hordago!
