ARGIAko lantaldeak jakinarazi nahi dugu Goiener-eko bazkide egin garela orain bi aste eta gure elektrizitate osoa energia berriztagarrien bidez lortua izango dela. Energia nuklearra ardatz duten azpiegiturei buruzko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, gure elektrizitate erabilera sare honetatik ateraz egin nahi izan dugu ekarpena.
Azken urteetan ematen ari garen pausoen norabidean eman dugu hau ere, azken finean, aldarrikatzen ditugun baloreak eguneroko praktiken bidez indartzen saiatzeko apostua egiten dugu. Goiener-eko bazkide egitea, energia burujabetzaren eta energia garbi eta berriztagarrien aldeko pauso gisa ikusten dugu, eta pozik adierazi nahi dugu orain arte hornitu gaituen EDP-rekin harremana moztu dugula Goiener-era “pasatzeko”.
Zergatik egin garen Goiener-eko bazkide?
* Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa. GoiEner-en xedea herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.
* GoiEner-ek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzea (energia erosketa) eta sorkuntza.
* Garraioa (REEren eskuetan diren goi-tentsioko azpiegiturak) eta banaketa (tentsio ertain eta behe-tentsioko azpiegiturak, konpainia handien kontrolpean direnak) oraindik erregulatuak daude.
* Mozkin asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz, eta bazkideek erabakiko dute batzarretan zertara bideratu diru horiek.
* Era berean, bazkideek sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitu ahal izango dute eta kooperatibak berak kontsumituko luke ekoizpen hori.
* Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.
Goienerreko bazkide kopuruaren eboluzioa
Goienerri buruzko informazio osoa beren webgunean.
2 Iruzkin
Oso ondo, baina kostatu zaizue, dedio! Ez da normala Goiener egonda, jendea oraindik egotea Iberdrolarekin, Endesarekin… Zenbat kostatzen zaigun!
Alternatiba badaoela esaten denean, benetan esaten da: telekomunikazioak (Izarkom), bankuak (Fiare Banca Etica), aseguruak ( Seyres,…) Goienerrek 4-5 urtetan lortu ditu ez dakit zenbat lanpostu duin, lortu du sorkuntzan hastea… eta hori guztia konpetentziak baino merkeago eta argiago energia berriztagarria fakturatuta. ANIMO!