Ekintzailetza kooperatibo eta soziala sustatzeko asmoz martxan jarritako KoopFabrika programaren barruan jardunaldi trinko bat izango da ostiral goizean Iruñean, Katakrak liburu-dendan. 10×10 Hamaika izango gara deituriko ekimenean, parte-hartzaileek hamar esperientzia eraldatzaile ezagutzeko aukera izango dute.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen baitan jarduten diren enpresa komunitario eta proiektuetako kideak izango dira hizlari eta bakoitzak hamar minutu izango du bere esperientzia azaltzeko. ARGIA ere bertan izango da; Xabier Letona eta Estitxu Eizagirrek azalduko dute OlatuKoop sarearen balioekin bat egiten duen gure proiektu komunikatiboa zertan datzan.
Jardunaldia 10:30ean hasiko da eta lehenik Katakrak Liburuen egoitzan barrena bisita egingo dute eta gune komun horren ezaugarriak ezagutuko dituzte. Amaieran bazkaltzeko aukera ere eskaini dute antolatzaileek.
Programako ikasleez gain beste edonork ere parte hartu dezake jardunaldian, saioa irekia baita, eta OlatuKoopetik jakinarazi dutenez enpresa komunitarioak saretzeko baliatuko dute eguna. Izena emateko, KoopFabrikaren webgunean.