Zenbat gera?

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Lau, bat, hiru, bost, zazpi… Tabernako barra ertzean inor kantari hasi ezkero gehienok inoiz jarraituko genuen abestia. Letra horrekin hasi dugu elkarrizketa, segidan kontatu behar zidatena ulertzen has nendin.

Zenbat izango ginen azken mende honetan ARGIAren jarraitzaile? Aurreneko Zeruko Argia hura martxan jarri zuten haiek zer funtzionamendu eredu ote zuten buruan? Zein helburu, amets proiektu honekiko? Noiz eman zitzaion hasiera harpidetza formulari? Zenbat harpidetza joan eta etorri ote dira ehun urteko bide luze honetan? Galderaz bete zait burua bat-batean, baina zentratu beharra daukat gaurko egoeran.

Orain arteko kalkuluak ez dira guztiz egokiak izan, eta “zenbat gera?” galderari erantzuna emateko prozesua jarri da martxan ARGIAn. Esan dut orain arteko neurketak ez direla guztiz zuzenak, ekuazioa desegokia zelako: helbide bat = harpidedun bat. Baina galdetu zure buruari, etxean lagun bat baino gehiago bazarete, sarri teilatupeko denak sentitzen direla harpidedun. Eta pentsa harpidetza gaztetxe batekoa bada, edo taberna batekoa, edo kultur-gune batekoa. Erantzuna, askotan, ez da izaten “ni harpidedun naiz”, “gu harpidedun gara” baino. Orain arteko kalkulua “ni” horretan zentratu da nolabait esateko, edo “bera”-n. Bakarrean. Baina nola neurtu “gu” edo “beraiek” hori? Neurketa egoki egiteko beharko luke ekuazioak helbide bat = X harpidedun izan.
Noski, X identifikatzea guretzat zailagoa da modu honetan. Beraz, erantzuna ematea zuei, harpidedun guztioi dagokizue. Honezkero jaso duzue laguntza eskatuz bidali dizugun eskutitza, aurreko astekariarekin batera. Hiru bide daude erantzuteko: zenbatgera@argia.eus helbidera idatzi, ARGIAko egoitzara deitu 943 37 15 45 telefonora, edo eskutitza bidali egoitzaren helbidera.
Dagoeneko hasiak gara erantzun batzuk jasotzen eta oso gustura irakurri edo entzuten zaituztegu; askok animoak edo eskerrak emateko aprobetxatzen baituzue, zuen iritziak guri ailegatzeko.
2019ko uda aurretik X identifikatuta izatea aurreikusten dugu eta oporren aurretik harpidedunen zenbaki benetakoa publiko egitea da helburua. Denok harrituko gaituen zenbakia, ziur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA