ARGIA lekuz aldatua Durangoko Azokan: Erruki Jauna

argia
0
Banbuek erakusten dute ARGIAra bidea.

Erruki gutxi izan baitu gurekin bateren batek 2018ko Durangoko Azoka antolatzerakoan. Leku banaketan. Ez gara azken hiru urteetan egon garen lekuan izango, ARGIA ez duzue aurreko sarrerako gune zabal hartan topatuko. Artekale 23, 24 eta 25 erakustokietan izango gara aurten, Areto Nagusiaren aurrean, Landakora sartzeko erdialdeko ateen inguru horretan. Arantzazuko Edizio Frantziskotarraren eta Kontseilu Ebanjelikoaren artean.

Bai bai, ondo irakurri duzu, frantziskotarren eta ebanjelikoen artean. ARGIAko fraide eta moja koadrilak ederki emango du leku horretan. Ez omen da jatorria ahaztu behar, ezta? Bada tori, eskuin zabaletik dejada kaputxinoek eta ezkerretik gantxoa Zeruko Argiak.

Behin leku aldaketaren albisteak emandako sustoa pasata, egokitu diguten tokirako moldaketa lanetan hasi da taldea. Mahoma eta mendiarena… ezagutzen duzue. Gure aurtengo lekua hori bada, gure egingo dugu. Azken urteetako ARGIAren dekorazioak joko handia eman du, eta oraingoa leku mugatuagoa bada ere, beren hosto eta guzti kanaberak handik, ureztaontzi eta lantresnak hemendik, eta jendeak letxua eskuan bukatzen duela, erraz identifikatuko duzu.

Baina zer egongo da aurten ARGIAren erakustokian? Ez da faltako yonkientzako 2019ko ARGIA egutegi takoa eta Zuloan liburua. Horrez gain, ARGIA komunitateko partaide egiteko aukera izango da, eta ARGIA Jendeak Gogor diskoa jasoko du opari, borroka antifrankistaren sinbolo izan zen disko hori bera.
Mbolo Bilboko kale-saltzaileen elkartearekin egindako elkarlanaren fruitu, Mbolo proiektua laguntzeko ekarpenak jasoko dira, eta trukean astekari bat, Mbolo proiektuaren azalpen bat eta “Inor ez da ilegala” kamiseta edo poltsa bat jaso ahal izango dira.

Herri mugimenduek kaleratutako Gasteizko gaztetxeak 30 urte liburua, bertsolaritzako ibilbide feministaren infografia eta Zumaiako Kalea Guztiona Da ekimenaren egutegia ere egongo dira ARGIAren mahaian.

Bizi Baratzearen aldean Jakoba Errekondok landarezaleen zalantzak argituko ditu eta sinadura eta guzti erosi ahal izango da Landareak Lantzen 2019ko gida-liburua. Erosgai egongo dira, baita ere, 2019ko ilargiaren egutegia, Altza Porru komiki-liburua eta Bizi Baratzea liburua (laugarren argitalpena).

Bi aurkezpen

Abenduaren 6an, 18:00etan Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak 2019ko Landarean Lantzen aurkeztuko dute, eta abenduaren 8an, 16:00etan Jakoba Errekondok eta Pello Zabalak 2019ko ilargiaren egutegia.

ARGIA lekuz aldatu izanaren gaira itzulita, Pello Zabalak mugitu ote du hariren bat bi postuetan batera egoteko?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA