Sagarraren eta adarraren puntak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Aditu dut jende bizkorrena hasia dela 2019ko sagardo denboraldirako mahaiak eskatzen. Kuadrilla azkarrenak mugitu dira otsaila-martxoko larunbat eguerdirako lekua erreserbatzeko, sagardogileek 2019ko agendarik oraindik eskuratu ez badute ere. Geroz eta lehenago dabil jendea, eta ARGIAk ere aurtengoan aurre hartu nahi dio txotx garaiari. Sagardoari buruzko gehigarria goiz ibiliko da aurten.

Posterra izan da, urte batzuez, gehigarri honen izarra. Formatua aldatzeko beharra ikusita, baina, iaz lehen aldiz sagardoaren inguruko ale berezia argitaratu zuen ARGIAk, aldizkari moduan, gaiak ukitzen dituen puntak sakonago azaltzeko. Txotx garaiak Astigarraga eta Hernani inguruetan hartu duen bolumenean, uste dut, askorentzat ia sagardoa dela gutxienekoa. Baina zer du zuku honek atzetik? Zein da gure historian jokatu duen papera? Nolako eragina dute sagarrondoek gure paisaian? Zer lan egiten du gure inguruetako bioaniztasunean? Eta diruaz hitz egingo bagenu?
Hori eta gehiago da sagardoa, baina ezin dena hamasei orrialdetan kontatu. Hiruzpalau erreportaje, artikulu eta elkarrizketa sortaz osatuko da datorren ale berezi hau. Sagastietako bioaniztasunaz hitz egingo digu IƱaki Sanz Azkue biologoak. Zein intsektu eta txori erakartzen dituen sagarrondoak, zein onura ematen dizkioten elkarri, zertarako baliatzen duten sagarrondoa animaliek eta zertarako animaliak sagarrondoek… Eta honi eman zaio azala hain justu. Asturiasen sagastiez eta inguruaren bioaniztasunaz egindako ikerketa batetik lortutako irudiarekin osatu da.
Bestetik, Jose Antonio Zamalloa Uxarte sagardotegiko nagusia eta Agurtzane Andueza Fraisoro laborategiko kimikaria elkarrizketatu ditu Jon Tornerrek. Lehenak, bertako sagardoaren ezaugarriak izan ditu hizpide, besteak, berriz, Euskal Sagardoa edo Gorenak kalitate zigiluak jasotzeko pasa beharreko probak (Fraisoro laborategiak egiten ditu azterketa hauek).

Joxepa Inaxi Elizegi: XIX. mendeko sagardotegiko bertsolaria artikulua idatzi zuen Estitxu Eizagirrek ARGIAko Gaitzerdi blogean orain gutxi, eta testu horren moldaketa ere topatuko dugu gehigarrian. Bere bertsoak dira ezagutzen diren zaharrenak, emakumeak sagardotegian bat-batean kantatutako bertsoen artean. Eta ahalduntze-ariketa oso kontzientea egiten du bertso horietako batean.

Euskal Herriko sagardotegien telefono eta helbideak ere bilduko dira bertan. Sagardoaren aldizkari hau etxean jasoko duzu doan, astekariarekin batera, Larrun jaso ohi dugun moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA