1989 ARGIA Sariak: Lehenengo hura

argia
0
Iñaki Eizmendi “Basarri” Eguna-ko kolaboratzaileak etxean jaso zuen Argia Saria.

[Miren Osa Galdona]

Euskal kazetaritzaren loraldia izan zen 80 eta 90eko hamarkadetan. Garai horretakoak dira Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Iparraldeko hainbat irrati eta eraberritutako ARGIA bera, beste askoren artean. Elkarlan handiko eta euskaltzaletasun sutsuko belaunaldien emaitza izan ziren komunikabideok. Kanpotik babes gutxi iritsi baitzen ordu hartan, are gutxiago euskara hutsean aritzea argi zutenentzat.

Halako testuinguru berezian egin ziren lehen Argia Sariak, 1989. urteko azaroan. Sarien xedea euskalgintzaren, erakundeen eta familia politiko ezberdinen artean elkargune bat sortzea izan zen; bazkari goxo baten konpainian, bidelagun zirenen lana aintzatetsi, eta atzean utzitakoei aitortza egiteko. Paper garrantzitsua jorratu zuen Felix Sarasolak, sariok ezin baitaitezke ulertu bere laguntzarik gabe. Bere jabetzako jatetxeetan antolatu dira urte guztiotan Argia Sariak: hasieran Txartel-Txokoan, ondoren Txixardin Beltzan eta egun Atxegan.

ARGIA “berriaren” langileek ezarri zuten beste mugarri bat izan ziren Argia Sariak: martxan zen garai hartarako Antza inprimategia, aldizkariari ere izaera propioa ematen hasiak ziren, eta, urtebete geroago plazaratuko zen arren, Euskaldunon Egunkariaren ideia forma hartzen hasia zen.

Ezeren aurretik, idatzi gabeko lege bat ezarri zuten: “Sariak besteentzat dira, ez etxekoentzat”, eta hala mantendu dute hitza 30 urteotan. Sei kategoriatan banatu zituzten lehen aitortza haiek: prentsa idatzia, irratia, telebista, aipamen berezia, merezimenduzkoa eta hilondoko saria. Martin Ugalde, Luzien Etxezaharreta, Mikel Olazabal, Euskalerria Irratia, Eguna eta Josu Muguruza izan ziren sarituak, hurrenez-hurren. Nabarmentzekoa da azken sari hura: bi aste lehenago hil baitzuten Josu Muguruza, ARGIAko kolaboratzailea, gerra zikinari lotutako atentatu batean.
Aldaketak izan dira sarietan, kategoria gehiago saritzen dira egun, esaterako. Hala ere, izaera bera izaten jarraitzen dutela esan daiteke. Testuingurua aldatu baita, ez, ordea, elkarri babesa adierazteko beharra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA