[Koldo Izagirre] Jasanezina da mundu hau, utikan etorkizuna, norberaren plazera lehenikā¦ Heroinak kontrakar handiak sortu zituen gizartean eta norbanakoaren barruan 1980ko urteetan. Mendebalde mailako arazoa izan zen, Hego Euskal Herrian estatuarekin geneukan gatazka moldeak ezaugarri bereziz bertakotua. Hainbat kausatan solidarioa izaten zekien herritarra epaiketa moralera lerratu zen: heroinomano, drogata, eskoria, jonki. Ohartu orduko, apurtzaile nihilista hura adikto bihurtua zen: gizartea ukatzetik eta indibidualtasuna kantatzetik marjinatuen multzora igaro zen, gizartearenak baino are lege gogorrago, zorrotzago eta ankerragoekin. No future haiek bestelako pintaketek estali zituzten, gameluak kanpora, auzoan drogarik ez. Ikuspuntu moralari, nork esan, poliziaren presentzia eta arreta medikoa eskatzen zuten aldarriak batu zitzaizkion, irtenbide bila. Ezker abertzaleak, parlamentuaz ateko indar politiko nagusiak, alor bakarreko arazo gisa tratatu zuen: droga gazteria borrokalaria suntsitzeko arma bat da, heroinazalea erosle izatetik ingurua kutsatzen duen saltzaile izatera heldu da erosten jarraitu ahal izateko, eta debekatua dagoen produktua saltzeko debekatzaileen onespena behar duenez, saltzailea salatari bihurtzen da ezinbestean. Usteltzaile, salatari, kolabo, etsai. Aldi berean, guztiaren azpitik eta legearen gainetik estatuaren indar armatuak negozioa kontrolatzen noizbehinkako dekomisoekin eta hurrengo urtealdietako kokaina bideratuko zuen hornidura sare beldurgarriarekin. Heroina arazo sozial handia izan zen, eta inork ez zuen gisa horretan hartu. Trafikoari ez ikusia eginiko estatuak xiringak ukatzen zizkien heroinazale gaixotuei, baina ez dauka bere burua erruduntzat. Eta ez ditu inoiz aitortu gatazkaren biktimatzat. Gizarteak ere ez, egia esan.