[Itsaso Zubiria Etxeberria] Banuen gogoa lagun honi ongi-etorria emateko. Orain urte batzuk egin genuen topo beste proiektu batean, eta aurretik elkar ezagutzen bagenuen ere, hilabete horietan egin ginen lagun. Eneritz Arzallus, poza eman dit zure izena ARGIAko lantaldean entzuteak. Eta zuri, irakurle, ezaguna egiten al zaizu? Urtarriletik dabil lanean ikus-entzunezkoen arloan eta urtebeterako etorri da.
“Multimedia arloa indartzea da asmoa. Bideo atalari heldu diot nik, eta denetik egiten dugu”, egin dit sarrera Arzallusek. Alde batetik ARGIAren mendeurrena dago, horren baitan antolatzen ari diren ekitaldi, irteera, ekintza guztiak bideoan biltzen ari baitira, ondoren laburpen txikiak argitaratzeko. “Horretan ez da lanik falta, ospakizunean gaude!”, esan dit alai. Baina aktualitateak ematen dituen gaiak ikus-entzunezko euskarrietan, dosi txikietan sare sozialen bidez zabaltzeko indarra ere jarri nahi du ARGIAk, hori da apustua, eta lan horietan ere ari da lankide berria. Eta ez hori bakarrik, aldizkariko edukiei ere plus bat emateko bideo laburrak egiten ari da. Ikusi duzu Gladys del Estalen inguruan egindako Larrunarekin batera prestatutako bideoa? Edo azkena, Wikileaks-en aferaren inguruan atera berri dutena? Orain badakizu atzean noren lana dagoen, irakurle.
Ia egunero bideoren bat argitaratzeko helburua jarri dute. Bizimoduaren abiadura geroz eta azkarragoa da eta goranzko joera dute bideo laburrek. ARGIAk ez du atzean geratu nahi aktualitatearen jarraipenean, nahiz eta ez duen horretan soilik geratzeko asmorik. Astekariak aktualitatea sakon eta lasaiago jarraitzeko ematen duen aukera aprobetxatu eta honi ikus-entzunezko landuagoak gehitzeko apustua egin dute. Hauek dira Eneritz Arzallusek gehien maite dituen lanak: berak gustuko duen gaia hartu, aztertu, landu, eta mimoz egindako bideoak. Eguneroko abiadurak eskatzen dituen bideo azkar horiek, “egin beharrekoak direnak”, onartzen du, dira gutxien gustatzen zaizkionak.
Talde-lanean gustura aritzen da, eta orain praktikaldia egiten ari den Amaia Fernandezen laguntzarekin ere oso pozik dago, biak aritzen baitira multimediako lanetan. Emakumeon Mundu Martxako Nazioarteko Topaketetako komunikazio arduradun izanak ondotxo daki herrigintzan lan egiten, maitasunez eta mimoz lan egiten. Eta hori emaitzan nabari da.