[Miren Osa Galdona] Argazki-nobela batekin egin zuten topo Argiako irakurleek 1981ko irailetik aurrera. Azkenean zu ere bueltatuko zara zuen izenburua eta astero kapitulu bat ikus zitekeen, astekariko orri batean.
Irakurle gazteontzat literatur genero ezezaguna izan daiteke argazki-nobela, egun ez baita ohikoa halako piezak kaleratzea. Irudi errealistez osatutako komikia da funtsean argazki-nobela, ohiko bineta eta bunbuiloekin. Ez zen lan makala izango hori egitea, eta lantalde zabal bat elkartu zen: aktore nagusiak Maite Sagarzazu eta Eneko Olasagasti izan ziren; argazkiak Luis Otaegik egin zituen; eta gidoigile, zuzendari eta errealizazio lanetan Mikel Antza, Josu Landa eta Iñaki Uria aritu ziren.
1981eko iraileko lehen argitalpen hura eskuartean hartuta, argazki-nobelak bikote herterosexual baten ohiko maitasun istorio erromantikoa jorratuko duen kontakizun klasikoa dela pentsa daiteke: elkarri begietara begira ageri dira bi aktore nagusiak, mutilak neskari gerritik heltzen dion bitartean. Ane eta Xabierren gorabeherak kontatu zizkieten irakurleei lehen argitalpenean. Aurreragoko zenbakietan pertsonaiak aldatu egin ziren, aste bakoitzeko argazki-nobela besteengandik independentea baizen. Arestian aipatutako maitasun istorioek, baina, bazituzten bigarren maila batean lantzen ziren zenbait mezu: bakardadea, independentzia eta lagunen arteko harremanak kasu. Betiko estereotipo eta estrukturetatik ihes egiteko ahaleginean, besteak beste, Simone de Beauvoirren aipuak jarri izana ere esanguratsua da.
Moraleja bitxi batekin eman zioten amaiera hamasei kapituluko argazki-nobelaren abenturari 1982ko iraileran, ordura arteko guztia argazki-nobelen parodia izan zela nabarmen agerian jarriz: “etxetik nahiz nobioagandik aldegindako guztiok, lehenbailen buelta zaitezte! Azkenean zu ere bueltatuko baitzara…”. Hurrengo astean irakurleengandik jasotako iruzkinen bilduma ganberroa atera zuten eta bigarren argazki-nobela bat hasiko zela iragari: Esnatzearen burruka luzea.
Geroztik ez da argazki-nobelarik itzuli irakurleon eskuartera. Argiatarrak, zeren zain zaudete berriz halako pieza bati heltzeko?
Hemen Zu ere bueltatuko zara argazki nobelaren kapitulu denak: