[Miren Osa Galdona] Denda txikiek, erakundeek, banketxeek nahiz nazioarteko marka komertzialenek eman diete euren buruaren berri ARGIAko irakurleei ehun urteotan. Garaiak aldatzen joan diren heinean, iragarkien estiloa eta tematika ere aise eraldatu da.
Hona lehen memoria ariketa: oroitzen al zarete Laboral Kutxaren iragarki melankoliko hartaz? Begirada interesgarriko gizonezko eta emakumezko bana ageri dira, serio, tentuz, ortzi-mugara begira edo. Eta zer esan oraindik bidelagun den Zinkunegi Optikaz: 70eko hamarkadan jada bere iragarkiak aurki daitezke eta gaur egungo aleetan ere ikus dezakegu Donostiako dendaren berri, beti Net Hurbil atalean. Ez dira adibide bakarrak, eta harribitxitzat jo daitezkeen iragarki bat baino gehiago dago ibilbide osoko aldizkariak aztertuz gero, izan lelo deigarriak edo izen xelebreak dituztelako, edo betaurreko moreak izatetik urrun egon direlako.
1964an josteko makinen Alfa enpresak emakumezkoei zuzendutako iragarkia ordaindu zuen, “euskal etxekoandreak amets egiña!” leloa erabiliz. Testuinguruak testuinguru, Jabon Lagarto ere ez zen atzean geratu: “etxeko-andrearentzat neskamerik egokiena” omen zen bere xaboia. A ze pagotxa! Garai berekoak dira irakurle baserritarrei zuzendutako hainbat iragarki bitxi, mezu zuzenak bezain asaldagarriak zituztenak: Funcor “benetako baserritarrak bear dituzten makiñak!”, Fanderia pentsuak “ez merkenak, bai onenak!” eta Solo atxurra “amar gizonek aiña lan egin dezake”.
Beste hizkuntzetan asmatzea zaila izango litzatekeen genero berri bat ere sortu zuten Zeruko Argiako kazetariek: bertsoa eta publizitatea uztartzen zituen ariketa komertziala. Insalus ur botilen etxea eta Freixenet kaba, esaterako, ondo baino hobeto moldatu ziren modalitate berrira. Hona bi adibide: “Edan zazu, Insalus! Gorputza ondo eztagonean / eztago barren girorik, / sendagai ona eskutan dezu; / etzazu galdu denborik! / Bein artzen dunak eztu izaten / berriz uzteko gogorik, / mairako urik ezpaita sortu / Insalus bezelakorik!”. Kanpoko enpresek ere ez zioten uko egin errimari: “Eguberritako txanpaña… Freixenet alajaña!”.
Nagore Irazustabarrena Urangak duela hamar urte idatzi zuen 2.181.zenbakian, ARGIAren bidelagun izan diren iragarle historikoei buruz. Galdera bat gehitu zion sarrerako testuari, Ez merkeenak, bai onenak! Lander Garroren saiakera baliatuz: “Zerk bultzatu ote zituen hemen ageri diren iragarleok euskarazko iragarkiak egin eta argitaratzera? Euskaltzaletasun hutsak, ala euskara erabiltzearen abantaila komertzialek?”. Nago erantzuna bien arteko nahasketan dagoela eta nahasketak ez duela zertan erdia eta erdia izan behar. Jar dezala bakoitzak nahi duen neurrian osagai bakoitza.