[Koldo Izagirre] Ele bi, erdaraz hi euskaraz ni… Euskaraz ni? Euskaraz eta erdaraz eta erdaraz, ni! Euskaldun guztiok dakigulako hirea, frantsesa ez bada gaztelania. Ikasarazia eskolan, karrikan, hondartzan, soldadutzan, neskametzan, ospitalean, lantegian. Ez da harritzekoa, ahaleginak eginagatik desikasi ezin batean bizitzea. Horra elebitasunaren gakoa: nik hiri bai, baina hik niri ez didan ulertzen. Bestela ere balio din: hik niri ez, baina nik hiri bai, ulertzen dinat. Areago, ulertzen haut. Eta hiperfemeninoan gozoago, ulertzen haunat. Ulertze horri esker aspaldi dun ez naunala behartzen uruguaieraz mintza natzainala eskatzen didanan aldi oroz, euskaldun guztiok baikara erdaldunak, geure artean euskaraz egiten dugunok erdaldunen multzoaren barruan dagoen azpimultzoa garen ezkero.
Alferrik, beraz, inork euskaraz egitea hiri.
Baina hire aitzakian euskaraz ari natzaion irakurleari. Euskaldunoz ari, aizan. Lagun batek uste din –gaiztoa dun, barka iezaion– euskalduna erdaraz egiten dinana dela. Hiri, bai, hiri erdaraz egiten dinan hori dela euskalduna. Eta horregatik, bere buruarekin baketzearren, euskaraz bizi nahi duela dioen zapia paratua omen din karrikara ematen duen leihoan. Ederra luken hik euskaraz egin ahal izatea niri, heure erdaltasuna galdu barik. Baina, ondikotz, niri edo hari euskaraz egiten entzunda euskaldun izendatuko hinduke nire azpimultzoak… Olagarro likitsak gaitun, egia esan.