Astean asteko historia: 1977ko otsailaren 1a

argia
0

[Koldo Izagirre] Igandea eta estropadak, eguraldi ona, jendetza hondartzan. Hala ere, gustura ibili zen lehorretik uretara. Haize brisak paperezko ikurrinak zekartzan tarteka, umeek ez zieten astirik ematen baga uzkurretan kulunkatzeko. Buila, zipriztinak, Nivea lurrin betegarria. Arraunlarien txanpak ikusten geratu zen gero. Berezia zen giroa, euforia bezalako bat sumatzen zuen inguruan, une batean euskara gehiegi entzuten ari ez ote zen iruditu zitzaion.

Gazteagoa zelarik, Goi-Alde antzerki taldean ibilia zen, Hernanin.

Jende arraroa sartzen zen tarteka bere dendan, baina ez zion bestelako garrantzirik eman.

Ebakuntza ondoko zorabiotik guztiz irten gabe heldu zitzaion abokatua. Bai, konforme zegoen salaketa ipintzeko. Biharamunean epaitegiko emakume bat, sinadurak. Handik laster, brigada politiko-sozialekoak. Azkenik, epaile militarra soldadu batekin, galdeketa. Abokatuak jakinaren gainean jarria zuen: aitorrarazi nahi izanen zioten gizon hura lurrean zegoela, lurrean, eta jendeak zanpaka zerabilela. Baina ez, zutik zegoen “Faxista!” oihukatzen zion jendearen aurrean, zutik, pistola eskuan. Sei bat metroren aldea. Arantxa Kortaberria femurra hautsita jausi zen, udako soineko polita odoletan. Zalaparta hartan, kalekoz jantzia zegoen armaduna hiriko trafikoan barrena ezkutatu zitzaien pistolaren bortxaz bahitu zuen Seat 127 zuri batean.

“Ni ez naiz inor, baina komeni dela uste baduzue publika ezazue…”. Maila, Arantxak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA