[Koldo Izagirre] Ez dugu urtealdi oso baten erakutsia egiten ahal urte bakarra hartuz. Baina badira muga bihurtzen diren uneak. Zer nobedade geneuzkan Franco hil zen urte hartan, Durangon? Antton Olariagak edertutako Saioka eskola liburuak eta Lizardi, Lete eta Gandiagaren letrak musikatuz osatutako Antton Valverde LPa, Mikel Zarateren Alegi mingotsak eta Txomin Artolaren Olaxta, Jon Miranderen idazlan hautatuak eta Gorka Knörren Nik nahi dudana, Gordailuren Haurren Biblia eta Artze anaien Txalaparta’75, Manuel Lasarteren Gordean neuzkanak eta Anje Dualderen eta Mixel Ducauren Errobi, Mikel Arregiren Hego haizearen konpasean eta Benito Lertxundiren Eta maita herria üken dezadan plazera, Ikastola Elkartearen Kristau Ikasbidea eta Oskorriren Aita-semeak/Gosetea singlea, Jose Mari Satrustegiren Euskaldunen seksu bideak eta Beñat Axeariren Euskal Herria 1975… Hezkuntza eredu desberdinak talkan, Zuberoako kantuak Euskal Herriaren ondare modernoa bihurtzen, euskararen hitzak adiera berriz betetzen, apaizak etnomaitaketa asmatzen, irakurleak autore maldito bat deskubritzen, malenkonia esistentzialak, rockaren indarra, poemak kantagarri.
Francoren heriotzak bihurtuko zuen muga urte hura, baina azaroaren aurrenean bizirik zeukan oraindik bere suhiak zuzentzen zuen mediku taldeak. Durangon, urte hartan, Gabriel Arestiren heriotza zebilen ahotan. Amatiñok Zeruko Argia-n sortu zuen Zenbat Gara atalean esan bezala, Gabriel Arestik ideiak zeuzkan, beste edozenbat gauzaren artean Euskal Herrian falta zaiguna. Ideiak hitz eta kantu eta eztabaida bihurtzeko talentua ere bazeukan Arestik. Ideiez gain euskalduna izatearen lotsa eta harrotasuna, biak bat.