[Koldo Izagirre] Joxemi Zumalabe 43 urte bete gabe hil zen, gazterik, onenak emateko adinean. Oker zaude. Zumalabe zahar samar hil zen. Egin al duzue hogeigarren mendean behar baino lehen kendu zizkiguten euskaltzaleen kontaduria? Haren adinera heldu gabeko idazlez betea daukagu.
Joxe Eltzok, umeak musikaz gozatzen zituen maisu poetak, 23 urte zituen agure segadunaren bisita hartu zuenean. Batxik, marinel kronista paregabe hark, 28 urte. Inazio Kamarero-Nuñezek, antzerkigile hasi berriko nekazaritza teknikariak, 29 urte. Jose Ramon Astibiak 34. Antonio Arrutik 37. Jon Garbizuk 37. Gurutz Sarasolak 20. Loramendik 26. Xabier Lizardik 36. Eli Agirrek 24. Martin Lekuonak 24. Joseba Markiegik 41. Lauaxetak 32. Peli Markiegik 41. Josu Peñak 22. Jean Etxepare Landerretxek 22. Rikardo Arregik 27. Gabriel Arestik 40. Gotzon Alemanek 25. Ibon Zabalak 21. Jose Migel Bidadorrek 39. Eritasunez, istripuz, gerran, paredoian, bere buruaz beste eginda… eta gure herriak, gure hizkuntzak eskatzen duen guztizko maitasunak akituta. Urteak ez, mendeak zor dizkigu bizitzak.
Bizitzak, bai, hark kendu zizkigun, ez heriotzak.