Neguko oporrak hartu baino lehen azken etxeko lanak egin zituzten abenduaren 16 eta 17an ARGIAko erredakzio taldeko lagunek. Oporrak deskantsatzeko eta deskonektatzeko omen dira, baina hauek oraingoan burua ideiaz beteta eraman dute etxera. Izan ere, erredakzio kideek bi egun pasa zituzten Zumaiako liburutegiko gela batean sartuta. Helburua, 2020ari begira jartzea, kazetaritza aldetik indartu nahi dituzten eremuak definitzea eta lanen birbanaketa egitea.
ARGIAren lan egiteko modua ezagutzen duzu, irakurle, eta imajinatuko duzu ez zituela jardunaldiok pertsona bakarrak antolatu. Aurretik, taldeko zenbait pertsonak hartu dute ardura gogo-jardun hauen bizkarrezurra prestatzeko, eta beste kide batzuek hartu dute ardura lan-saio edo tailer bakoitza prestatzeko eta dinamizatzeko.
Urko Apaolaza izan da 2020an erredakzioak landu nahi dituen bideez hausnartzeko saioa dinamizatu duen kidea. Eta hor, besteren artean, azpimarratu dira jatorri aniztasuna kazetaritzan islatzea; edo lurraldetasuna, Euskal Herri osoa kontuan izateko beharra; baita gai bakoitzean aurreikuspenak sakon lantzeko nahia ere.
Gaiak, noski, lehengaiak dira edozein komunikabiderentzat. Bakoitzak ditu bere gaiak eta lantzeko moduak. Hor islatzen ditu bakoitzak bere baloreak. Baina kalitatezko kazetaritzak baditu zaindu beharreko beste erpin batzuk ere. Probestu dituzte Zumaiako jardunaldi intentsibo hauek ere, lantzeko idazkera, hizkuntza edo baliabide digitalak.
Idazle-eskola izan zitekeenaren moduko klase magistrala jaso dute Gorka Bereziartuaren eskutik. Egunerokotasunak uzten ez dien denbora izan dute tarte honetan Boli Gorriak proposatutako ariketak egin eta idazkera truko batzuk ikasteko.
Euskaraz idatzi arren dena ez baita zuzena, edo egokiago egin baitaiteke, Onintza Irureta izan dute hizkuntzaren inguruko pista batzuk emateko gidari. Lankideei eskaini dizkie interneten dauden hiztegi eta estilo-liburuak eta hizkuntzari lotutako beste hainbat baliabide.
Eta teknologiaren aurrerapenak denek oraindik ere ondo ezagutzen ez dituztenez, Axier Lopez multimedia arloko kideak azaldu dizkie ordenagailuari ahalik eta probetxu gehien ateratzeko logikak eta baliabideak.
Gustura daude erredaktoreak, egindako jardunaldiekin. “Ongi etorri zaigu betiko espaziotik ateratzea, burua freskoago izanik, beste leku batean aritzeko 2020rako erronkez”, aitortu digute. Bigarren maila batean baleude bezala kontatu dizkidate egun hauetan elkarrekin egindako bazkariak, pala partidak eta poteoak. Baina horrek denak asko balio du taldea egiteko. Eta egin dute. Indartsu dator 2020a.
1 Iruzkin
[…] bat. Baina aitortu digute lehendik zutela estilo honetako umore saio bat egiten hasteko ideia. Zumaiako gogoeta jardunaldietatik datorrela asmoa. Hasiera batean urtarrila zuten estreinaldia egiteko data buruan, baina […]