[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sosa zertara bideratzen den, zein helbururekin, zer bultzatzeko. Norabide batean jarri edo bestean, asko esaten du dirua mugitzen duen pertsona, enpresa, gobernu, erakunde horretaz. Pastelaren partiketa zein inportantea den eta diruak batzuetan zein argi erakusten digun pertsona, enpresa, gobernu, erakunde hori nolakoa den eta zer interes dituen.
2019-2021 epe aldirako diru-laguntzen banaketa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru aldundiek. Pastela zatitu da. Ez espero artikulu honetan gaiaren inguruko analisirik, ez bainaiz egokiena horretarako, eta Argiak bere baloraziorik egin behar badu jarriko baita emaitzak aztertzeko lan-talde bat martxan. Ez, nik joko dut ARGIAren banaketara. Bere opilaren partiketara.
Diru-laguntza hauen helburua da sektorea egonkortzea eta lan-baldintzak duintzea. Beraz, ebazpena jaso ondotik, barrura begirako galdera izan da: zer alda dezakegu taldearen lan-baldintzak hobetzeko?
ARGIAk diru-laguntzetan igoera bat izan du (eta berriro diot, ez naiz sartuko tartaren zatiketa osoan komunikazio proiektu honek izan duen presentzia aztertzen). Igoera horrek aukera bat ireki du lan-talde osoaren baldintzek ere koska bat gora egin dezaten.
Zein izan da aldaketa?
Urtean hamabi soldata jaso dituzte, 2014tik 2019ra arte, ARGIAko langileek. Langile guztientzat bera den oinarrizko soldata 1.505 euro garbi hilean da. Eta diru-laguntzetako igoerari esker, 2019. urtea hamahirugarren soldata kobratuz itxi dute. Alegia, ez da langileen ordainsarietan igoerarik egon, baina hamabi paga izatetik hamahiru izatera pasa dira. Helburua dute urtean hamalau soldata jasotzea, Bego Zuza zuzendaritzako kideak esan digunez: “Ahalegin guztiak egingo ditugu, gure sare propioa ondo landuz (komunitatea, publizitatea, dibertsifikazioa…), hamalau paga izatera heltzeko”.
Kolaboratzaile ugariz osatutako taldea du ARGIAk, eguneroko langile taldeaz gain. Eta igoera honetan ez ditu ahaztuta utzi. Zuzaren hitzetan “kolaborazioak modu duinean ordaintzea ezinbestekoa da”, eta horretarako bidean enpresak kolaboratzaile hauen ordainsariak %10 igoko ditu 2020ko urtarriletik hasita.
Bakoitzak du opila partitzeko bere era. ARGIAk bere pastela bere eran banatu du.