[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sinadura berriak agertzen dira lau hilean behin ARGIAren webguneko albisteetan. “Hara, bekadun berriak izango dira hauek”, argia.eus-en ibiltzeko ohitura baduzu, behintzat, izango zenuen erreakzio hori noizbait. Kazetaritzaren edo ikus-entzunezkoen munduan murgiltzen ari denarentzat aukera polita izan daiteke euskal hedabide bat barrutik ezagutu eta bertan bere lehen lanak egiteko.
Maria Ortega Zubiate markina-xemeindarrarena da gaur egun topatuko duzun sinadura. Lehen Bilbo Hiria irratian aritu zen praktikak egiten eta orain, Gradu Amaierako Lana egiten ari den bitartean, prentsa idatzian lan egitea zer den probatu nahi izan du. Praktikaldi honetan, batez ere, ARGIAren webgunea elikatzeaz arduratzen dira bekadunak. Egunerokoak eskaintzen dituen albisteak osatzen dituzte, lantaldeko erredaktoreek beren zuzenketak egin eta aholkuak ematen dizkiote eta sarean publikatzen dira.
Zergatik sartu aukeretan ARGIA
Leku askotan egin daitezke kazetaritza praktikak. Zergatik aukeratu zenuen ARGIA? Galdera hori egin diot Ortegari, niri ere kanpotik begiratzea tokatzen zaidan kasuetan sinesgarriagoa egiten baitzait norbaitek bere esperientziatik kontatzea. Hala dio: “Uste dut ARGIAaukera ona dela praktikaldia bertan egiteko. Euskal kazetaritzako erreferenteetako bat izateaz gain, hurbileko tratua dago lankideen artean”. Lasarte-Orian dagoen taldea ez da handia, baina taldea da. Ekipoa. Eta kazetaritzako praktikak egiteaz gain, alegia, artikuluak, erreportajeak edo elkarrizketak idazteaz gain, ikasten da taldean lan egiten. Ezagutzen da benetan ekipo batek nola funtzionatzen duen. Astekari bat sortu eta eskuetan izateraino ze kate dagoen eta katean lan egitea zer den. Maketazioa, diseinua, inprenta, publizitatea eta hil bukaeran soldatak ordaindu ahal izatea.
Ortegak dio berak “lotsa galtzen ikasi” duela. Nola idatziko zuen, zer esango zioten erredaktoreek, zuzentzaileek, horiek zituen hasieran zalantzak. Baina “geroz eta erosoago” sentitzen dela aitortu digu.
Horretarako dira praktikak. Bakoitzak bere lotsei eta beldurrei aurre egiteko aukerak, eta aukera aprobetxatuz gero, asko ikasiz lan-mundua ezagutzeko eta heltzeko lekuak.