[Itsaso Zubiria Etxeberria] Behin baino gehiagotan egin didate konparazio bera. Covid-19-ak sortutako zurrunbilo nahasia eta uholdearena. Ez gara birusak jo duen munduko lehen herrialdea eta badauzkagu erreferentziak, tendentziari erreparatzeko. Jakin dezakegu, gutxi gora-behera eta adituek zein komunikabideek ematen diguten informazioarekin, noraino igo daitekeen hain famatu egin den “kurba”; behin errioak gainezka egiten duenean, marea nola dagoen ikusita ura noraino igoko den kalkulatu dezakegun moduan.
Urak goian datoz azken aldian, euri asko ari du eta horrek ez du batere laguntzen, eta txarrena pasa dela dioten ahotsak entzuten badira ere, hurrengo marea gorari begira jarrita daude beste batzuk.
Larrialdi egoera baten aurrean gaude eta behartuta gaude lan egiteko manerak ere aldatzera. ARGIAri informatzea tokatzen zaion heinean, behartuta dago herritarroi ahalik eta informazio gehien ematera. Uholde garaian esku guztiak etortzen dira ondo. Denek aportatzen dute. Larrialdi egoera guztietan. Oraingoan ere bai. ARGIAk badaki hori eta bere esku dagoenean, horretan ari da, euskal hedabide guztien artean euskal gizarteari ahalik eta informazio osatuena eta zabalena eskaintzen.
Gogoratzen Creative Comons lizentzia libreaz zenbat aldiz hitz egin dugun? Zein baliagarri den informazioa modu askean, egiletza aitortuta, noski, batera eta bestera zabaltzeko? Orain inoiz baino baliagarri eta beharrezkoago sentitzen ditugu tresna hauek. Eta, akaso, larrialdi egoera honek behartuta iritsi den “nik zuri eta zuk niri” hartze honek ekarriko du azken urteetan egon den halako urruntzearen gerturatzea. Agian elkarlana sendotuta irtengo da behingoz. Nork daki. Hori urak lasaitzean ikusiko da.
Informazioaren eran, ze informazio eman?
Hori da urak harro datozen momentuetarako erresistentziaren bigarren partea. Datuei begira jartzen gara egunero. Egunean bizpahiru aldiz. Lauzpabost. Sarri. Sarriegi. Datuei begira jarri gaituzte. Baina bakoitzak ematen dizkigu bereak, eta hemen ez dago zenbaki-festa hau konprenituko duen kristorik. ARGIAk ez du ezer berririk asmatu. Ezer bererik. Lurraldetasunari erreparatuz eta datuak txukun eta ulergarri eman nahirik, Berria egunkaria da jarraipen zehatzena egiten duena aspektu horretan. Hori dute ARGIAko kazetariek iturri nagusi.
Nazioarteko informazioaren kasuan, kazetari bakoitzak zaintzen ditu bere arloan interesgarri zaizkion iturriak. Irakurleari horrek izugarrizko segurtasuna eta konfiantza ematen dio, baita lankideari ere, gai zehatz bat kazetari horren galbahetik pasa dela jakiteak garantia ematen baitio. Koronabirusak arlo guztiak ukitzen baititu eta erredaktore bakoitza bere betaurrekoetatik egiten ari baita irakurketa: hezkuntza, ingurumena, ekonomia, gizarte-eredua, zaintza, lan-baldintzak… eta jarrai nezake jendarteak dituen adina erpin zerrendatzeraino.
Nahiz eta paperean argitaratzen diren eduki guztiak sarean zintzilikatu, inprentara eraman beharrik ez izateak kendu die kazetariei aldizkaria publikatzeko katearen eta denboren presioa. Horrek ekarri du sarean gehiago zentratzea, albisteak sortzera dedikatzea eta eguneroko zoro honen jarraipen ahalik eta lasaiena egitea.
Oraindik inork ez daki oso ondo egoera honetatik zer aterako den. Baina ARGIAk informatzen jarraituko du.