[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIA astekaria banatzeko modua aldatu da Gasteizen. Correos enpresak egin du asteroko banaketa lana orain arte eta hemendik aurrera harremana moztu du ARGIAk Arabako hiriburuan. Eraman kooperatibak hartu du orain lan horren ardura eta dagoeneko irakurtzen ari zaren aldizkaria banatzaile berriek eramandakoa izango duzu.
Arazo handiak izan dituzte Correosekin denbora luzez. Ez bakarrik Gasteizen, baina han ere bai. Etxe askotara berandu iristen da, gutxi batzuk dira asteazkenean bertan jasotzen dutenak; beste askok asteburuan jasotzen dute, eta badira aste batean batere ez eta hurrengoan bi batera heltzen zaizkienak. Ez da erraza, ordea, asteroko aldizkariaren partiketa-lanak egingo dituen norbait bilatzea. Horregatik da zaila arazoa konpontzea. Gasteizen, baina, banaketa-lanak egingo dituen kooperatiba berri bat sortu dute. Nor eta etxe honetako Paul Iano kolaboratzailea tartean. Badu esperientzia bizikleta gaineko banaketan. Oroitzen ARGIAk publikatu zuen Glovo banaketa enpresan infiltratuta lanean aritutako gaztearen testigantza? Iano bera da kontakizuneko laguna. Telepizzan ere aritu zen gero.
Gustuko du lana, baina enplegu duina aldarrikatzen du. Gasteizen Berria egunkaria banatzeko aukera suertatu zitzaion eta bizikleta gainean egiten du. horretan ari zela hasi zen buruari eragiten eta pentsatu zuen aukera bat izan zitekeela ARGIAri eskaintzea hiriburuko harpidedunen etxeetara berak eramango zuela astekaria. Behingoz, astekariak behar duen egunean heltzeko.
Proposamena erakargarria egin zaio ARGIAri. Aldizkaria etxeetara puntuan ailegatzea izan da beti bere ametsa eta honekin lortuko da. Etxeko eta konfiantzazko lagunari bere proiektuan laguntzearen plusa du gainera honek. Ez hori bakarrik, ARGIAren asteroko banaketa egiteko konpromisoarekin eta hori Berria egunkariaren partiketari gehituz kooperatiba bat sortu du Paul Ianok beste kide batekin, eta beraz, ARGIAk lagundu du enplegu duinak sortzen. Eta behin gurpil-gainean, Gasteizko jatetxe batekin ere iritsi dira tratura. Jatetxe honek ez du Glovo bezalako enpresekin lan egin nahi, zaindu nahi du bizitza duina eta eramateko jana banatzen ere hasi dira.
Oraingoz Gasteizkoak nola funtzionatzen duen ikusi behar dute, baina dagoeneko ari dira Bilbo eta “Bilbo Handia” deitzen zaion eremuari erreparatzen; han ere antzeko aukerak suerta baitaitezke.