Berriro diogu: arrazoi ekonomikoengatik ez da inor ARGIArik gabe geratuko

argia
0

Kaixo lagunok,

Ez dira betiko garai onenak. Horregatik, garrantzitsu ikusi dugu komunitatearengana berriro ere zuzentzea gauza bat gogorarazteko: arazo ekonomikoak badauzkazu, eta ARGIA gustura irakurtzen baduzu, mesedez, ez dadila hori izan kidetza bertan behera utzi eta ARGIA jasotzeari uzteko arrazoia. Ez dira une xamurrak, baina gure partetik behintzat babes eta goxotasun osoa helarazi nahi dizuegu: ostalaritzako lagunei, langabezian geratu direnei, soldatak jaitsi eta lan baldintzak are gehiago prekarizatu dizkietenei, besarkada estu bat gure partetik.

Pandemiaren lehen olatuan ere esan genuen. ARGIAn, komunitateko jende eskuzabal askok batez bestekoa baino diru gehiago jartzen du, besteak beste egoera zaurgarriagoan daudenek ARGIA irakurtzeko aukera izan dezaten. Azkeneko hilabeteetan, gainera, asko izan dira ahalegin solidario hori egin dutenak eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu. Egia esan komunitate zoragarria da hau eta oso harro gaude denon artean egiten ari garen lanaz.

Pandemia honek oinarriak ongi jarrita harrapatu gaituela sentitzen dugu. Azken urteetan egindako aldaketen artean, besteren artean, harpidetza eredua malgutu genuen, horrelako momentuetan hobeto erantzun ahal izateko, herritarren informatzeko eskubidea bermatzen saiatzeko. Hemen jendeak ez du produktu bat erosten, jo dezagun aldizkaria, proiektua babesten du ahal duen neurrian. Sentitzen dugu ARGIA asko zaintzen duela komunitateak, eta langileoi ere badagokigula gure jendea zaintzea. Horregatik, arrazoi ekonomikoengatik kidetza eteteko gurekin harremanetan jarri izan diren lagunei doan bidaltzen diegu aldizkaria, egoerak uzten dienean, bueltan deituko dutela konfiantza osoa daukagulako. Eta zenbat ote dira, hainbat hilabeteren ostean, berriro deitu digutenak! Hori da eraiki nahi dugun mundua, eta horregatik jokatzen dugu honela.

Esan bezala, ordaintzeko arazoak badituzu, deitu telefono honetara (0034) 943 37 15 45 edo idatzi harpide@argia.eus helbidera. Komunitateko kide guztiek oso argi izatea nahi dugu: arrazoi ekonomikoengatik ez da inor geratuko ARGIArik gabe. Eta mesedez, etxeko egoera ekonomikoa okertzeagatik ez dadila inor gaizki sentitu.

Hau guztia komunitatea ekonomikoki babesten duen jendeari esker egiten dugu. ARGIAren proiektua 101 urtean garatu bada, ez da logika kapitalistari esker izan: hemen ez da gailendu produktuaren eta prezioaren arteko lehia. Hemen bizi nahi duen herri bat dago, eta komunitate batek proiektu osoa eutsi du, dirutan ordaindu ezin diren balioak bultzatzeko prest ekarpen ekonomikoa egiten duelako.

Proiektu honen parte izan nahi baduzu, kazetaritza independentetik informatu eta elkartasunean oinarritutako mundua bultza nahi baduzu, anima zaitez!

Egin ARGIAkoa

Milesker eta animo denoi! Hemendik ere aterako gara.

ARGIAko lantaldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA