Gorriz markatutakoak belztuz

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Irudipena dut azken urteetan jaiegun arrotzetan lan egitearen aldarrikapenak indarra galdu duela. “Gora Guardia Zibila!” oihu ironikoren bat ere aditu dut inoiz urriaren 12an jai duenaren ahotik. Sekula etxea asaltatu ez dioten seinale. ARGIAn egutegi propioaren arabera lan egiten ahalegintzen dira, burujabetza ariketa bat, eta diote, “kazetaritza eraldatzailea egiten badugu garrantzitsuak iruditzen zaizkigun baloreekiko koherentziaz jokatu behar dugu egunerokoan ere”. 2022ko egutegia osatu dute urte hasieran.

Badira urte batzuk hainbat gauza adostuta daudela jaiegunen inguruan. Espainiar egutegian “Hispanitatearen Eguna” deitzen dioten eguna, aipatu berri dudan urriaren 12a, ARGIAn ez da jaieguna. Normaltasunez egiten da lan egun horretan eta webgunea, adibidez, egunerokotasunean bezalaxe elikatzen da. “Arrotza zaigun jaieguna da, Amerikako jatorrizko herrien genozidioaren hasiera eta kolonizazioa ospatzen delako”, azaldu dute. Kasu honetan jaiegun hori norberak aukeratzen duen beste egun batean hartzen da. Eta berdin abenduaren 6ko jaiegunarekin. Espainiako Konstituzioaren eguna. Arrotza guretzat. Honen ordez, abenduaren 3a egiten da jai ARGIAn, Euskararen Egunean.

2022an zein jaiegun tokatzen dira?

Aurten “Elkanoren Eguna” izendatu dute irailaren 6a eta ARGIAn laneguna izango dela erabaki da. “Ikusi dugu egun horrek eta ospakizun horien atzean dauden interesek ez gaituztela ordezkatzen”, adierazi dute. Ez da ahaztu behar lurraldetasun ikuspegitik Euskal Herriaren zati bakar baterako, EAErako, dela jaieguna; eta horrek ere ez du laguntzen. Aurretik aipatu bi jaiegun arrotzekin ere gauza bera gertatzen da.

Dena den, badira egun batzuk, batez ere kutsu erlijiosoa dutenak edo Eliza Katolikoaren ospakizunei lotuak, ARGIAn ere jai egiten direnak (Eguberriak, Aste Santua…). Azken kasu horietan kontziliazioari begira egiten da jai halabeharrez. Badago oraindik makina bat pauso egutegi burujabe bat lortzeko bidean emateko.

Jai eta opor egunak malgutasunez eta konfiantzaz kudeatzen dira ARGIAn, baina inertzia batzuetatik aldendu eta arduraz jokatu nahian. Etorkizuneko bidea ere irizpide horiek kontutan hartuta egitea da asmoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA