Historiak ez du barkatzen

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Baina guri dagokigu historiari jaramon egitea edo ez, zer begirekin erreparatu eta nola kontatu. Ez baita berdin 1522az hitz egitea Elkanoren balentriak kontatuz edo jatorrizko herrietan egindako sarraskiak azalduz. Ez baita berdin duela 45 urte ikurrina legeztatzeko jende askok egindako borrokaz hitz egin edo ez. Badira hainbat manera kazetaritzan horrelakoak kontatzeko. Izan erreportaje luzeak, elkarrizketak… baina ARGIAk bilatu du beste formula bat, laburrean, modu didaktikoan historiaz hitz egiteko: efemerideak. Azken urteetan egutegiaren atzealdeak bete dituzte eta webgunera egin dute salto orain.

Aspaldiko asmoa zen orain arte bildutako efemeride guztiak modu txukun batean sarean zintzilikatzekoa. Azken hiru urteotan egutegiak bete dituzten datuak daude gaur egun www.argia.eus/efemerideen-kanala orrialdean. 1.100 efemeridetik gora. Lehen begiratuan eguneko efemerideak agertuko zaizkigu, baina baditugu sailkapen modu gehiago: urteka, hilabeteka, egunka, gaika, urtemuga borobilak…

Eguneko historia zatitxoa irakurtzeak –dela egutegiari orria kenduta edo Telegram bidez– bere xarma du. Baina sarean osatutako bilduma honek beste ate batzuk irekitzen ditu. Herri honetan bonba, su, errauts eta hildakoen artean genbiltzan 1937 hartara jo dezakegu, ikusteko zer gertatzen ari zen beste herri batzuetan. Edo 1977 korapilatsuan zer ari ziren bizitzen hemendik kanpo eta zer gertatzen ari zen etxean.

ARGIA beti ahalegintzen da emandako kolpe bakoitzaren uhinak ahalik eta gehien zabaltzen eta aprobetxatzen. Denbora zeramaten pentsatzen nola baliatu egutegiko efemerideak webguneari indarra emateko. Topatu du formula txukuna Asier Iturralde informatikariak. 2022a hasi berria badugu ere, dagoeneko 2023ko egutegian dute burua eta laster ekingo diote datorren urteko materiala osatzeari. Hori bai, nahikoa informazio badugu oraingoz irakurtzeko, eta efemeride gehiago izateko 2023ko urtarrilera arte zain egotea tokatuko zaigu. Baina lasai, beti egongo da historia kontatzeko. Nola kontatzen den da gakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA