Egindako ekarpenari aitortza

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Mezenasgoaren gaia ez da berria ARGIAn, mahai gainean askotan egondakoa da. Errenta aitorpenean hobari fiskala lortzen du mezenasgoaren figurak eta ezaguna da kultur elkarteetako bazkideen artean, esaterako. 2021ean eman du ARGIAk pausoa eta Hego Euskal Herriko ARGIAko kideek proiektuari egindako beren ekarpenagatik hemendik aurrera hobari hori eskuratzeko aukera izango dute.

Euskararen esparruan lehentasunezko mezenasgo jarduera izatea lortu du ARGIAk. Aitortza moduan ulertzen dugu hori, euskararen erabilera sozialari egiten dion ekarpenagatik. Egunero eta formatu desberdinetan (paperean, interneten, buletinen bidez, eragileen plazan, podcast-etan…) euskara indartu eta euskaraz informatzeko eskubidea bermatzen du proiektu honek, kazetaritzaren esparrutik.

ARGIAren oinarrietan dagoen filosofiarekin eta baloreekin bat egiten du mezenasgo figurak. ARGIA ez baita produktu bat, proiektu bat baizik. Herri batean sinesten duen proiektua, ertzetako ahotsak erdira ekarri nahi dituena, parekidetasun errealean sinesten duena, euskaraz informazio independentea, askotarikoa eta egiazkoa jasotzeko eskubidea bermatzeko lan egiten duena. Gai eta balore eraldatzaileak bultzatzen dituen herrigintzako eragilea da, eta hori babesten duena onura publiko bat egiten ari dela sinesten dugu.

Hego Euskal Herriko ARGIAko kideei, okerrik ezean, urteko errenta aitorpenean ARGIA babesteko jarritako diruaren ehuneko bat itzuliko zaie kultur proiektu bati eginiko hobari fiskal gisa. Kopurua lurraldez lurralde aldatzen da –Araban jarritako diruaren %30 jasoko dute; Gipuzkoan %35; Bizkaian %40; eta Nafarroan %80 lehenengo 150 euroetan, %40 ondorengoetan–. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek ez dute halakorik jasoko, oraingoz, nahiz eta ARGIA pausoak ematen hasia den hiru lurralde hauetan ere aldaketa egiteko.

Pozik gaude gure komunitateko kideek egiten duten ekarpena kontuan hartuko delako. ARGIAren proiektua eta komunitatea indartzea da aldaketa honen helburua. Eta sekula ez gara aspertuko esateaz: eskerrik asko orain arte eta aurrerantzean ere proiektua babestu(ko) duzuen ARGIA jende guztiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA