Denok ez ditugu lanerako aukera berdinak

argia
0
Batzen proiektua joan den urrian aurkeztu zuten Donostian. Irudian, Andoni Zulaika eta Esti Beraza azalpenak ematen. (Argazkia: Batzen)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Inklusio soziolaborala bultzatzen duen proiektu berria sortu da Gipuzkoan: Batzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Inklusio eta Babes sarean dauden gazteak enpleguratzeko sistema da. Gazte migratuak eta bertakoak daude sare horretan –500 gazte inguru daudela diote erakundeko arduradunek–; alde batetik, babesgabetasun egoeran dauden 16-18 urteko adin txikikoak, eta bestetik, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 18-23 urtekoak.

Diotenez, errealitatea da 23 urtetik aurrera babes sarearen laguntzarik gabe geratzen direla, eta emantzipatzeko zailtasunak izaten dituztela. Adin horretara heltzerako lan-munduan ate batzuk irekitzeko aukerak sortzea da helburua, eta arlo desberdinetako enpresak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartu eta gazte horiei aukera soziolaboralak ematen lagundu dezaten.

Hala azaldu diote ARGIAri, Lasarte-Oriako egoitzara bisitan etorri diren Esti Beraza Batzeneko koordinatzaileak eta Andoni Zulaika Zabalduz kooperatibako inklusio soziolaboralerako arduradunak. Kooperatiba horren bidez ari da Aldundia proiektua kudeatzen.

Esan beharrik ez dago enplegu batek pertsona bati benetako autonomia ematen diola eta emantzipaziorako ia pauso beharrezkoa dela. Horretarako sortu dute “harrera enpresen” tresna. Enpresek, konpromiso maila ezberdinekin, euren ekarpena egin dezakete gazteek enplegua lortzeko prozesuan. Adibidez, bisitak eta hitzaldiak antolatu ditzakete, arlo horretan interesa duten gazteek lehen pertsonan ezagutu dezaten enpresa horretan egiten dutena; praktikaldiak hitzartu daitezke; lan aukerak aztertu; euren beharretara formaturik dauden gazteen lan-poltsetatik kontratazioak egin… Ez dago formula bakarra eta pausoak ere pixkanakakoak izan daitezke.

ARGIAtik oso ondo ikusi da gazte horiei halako aukera eta akonpainamendua ematea, eta Batzen harrera sistemarekin elkarlana abiatzea erabaki dugu. Pausoz pauso joango gara, momentuz gure lana ezagutaraziko zaie hala nahi duten gazteei, eta, bide batez, zer gutxiago espazio txiki honetan proiektuaren berri ematea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA