Poesiaren erritmora dantzan

argia
0
Igor Estakonak hainbat urteren ostean poesia kritikak egiteari utzi dio “denboraldi baterako”.
Irudian, hastapeneko eta azkenetako artikulu bana, eta 2009an egindako elkarrizketa batean.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Poesiaren erritmoa segitzea kostatzen zait. Jazz-arena bezala. Ez naiz sekula abila izan poesia irakurtzen, ez naiz eroso sentitzen. Askotan ez bada ere, saiatu izan naiz inoiz testuan sartzen; baina huts egiten dut beti. Nobela-zalea naiz ni. Poperoagoa, ziurrenik, poesia zaleentzat. Nobela aski rockero eta heavy-ak ere badaudela erantzungo nieke nik. Baina neurri batean miresten ditut niri hain zail egiten zaidan zerbait horren eroso irensten dutenak. Igor Estankona ARGIAko kolaboratzailea kasu. Irakurri bakarrik ez, poesia kritikak egiten aritu baita azken hamar urte hauetan astekarian.

Ez da ohikoena poesia kritikak idaztea eta halaxe galdetu diot berari ere, nolatan hasi zen ARGIAn lan hori egiten. “Ordurako Hikan eta Garan banenbilen kritikak egiten eta modu oso naturalean heldu zitzaidan ARGIAtik eskaintza”, adierazi du eta jarraitu: “ARGIAn beti izan zarete poesia-zaleak, arean artistak, gutxienei gustatzen zaizkien gauzen zaleak”. Poesia liburuen bi aldeetan jokatzen du: bost poesia liburu ditu idatziak eta irakurri eta kritikatuak hamaika.

Argitaratutako bere liburuen inguruan egindako elkarrizketak jasoak ditu ARGIAk eta tartean ere galdegiten zaio kritikaz. “Nire izaeraren arabera jokatzen dut: ez zait gustatzen gatazkan ibiltzea”, adierazi zion ia orain hogei urte Miel A. Elustondori. “Iritzia emateko geroz eta erreserba gutxiago daukat. Horrek ematen dizu askatasun bat idazteko, beti errespontsabilitatetik eta errespetutik, zure gustuei buruz. (…). Lehen uste genuen liburuak kritikatzen ari ginela, eta nik uste dut gehiago kritikatzen ditugula tendentziak, edo estiloak, edo poema motak. Nik kritika batean adierazten nabilena da, bakar bakarrik, liburu bat iruditu zaidala atsegina edo ez. Eta nire gustuen barruan liburu hori dagoela ondo idatzita edo ez. Uste dut behar dela horretan be trebakuntza bat; lehenengo kritiketan galdu egiten zara, baina orain gutxiago”, erantzun zion Gorka Bereziartua Mitxelenari 2009an.

“Denboraldi baterako erretiroa” dela esan digu idazleak. Zeregin askotan sartuta dabilela eta garai bareagoak heltzean ekingo diola berriz poesiaren gainean esaka aritzeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA