ARGIA uhin bidez ere hedatzen da

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Tokatuko zitzaizun akaso, irakurle, ARGIAko kazetari edo kolaboratzaileren bat irratian entzutea. Ez da kontu berria. Saio bat baino gehiagotan hartzen dute parte etxe honetako lagunek; txandaka eta modu konpartituan. Lehen batzuk, orain besteek. Aldatzen joaten dira hizlariak, saioak, egun eta orduak, emisoreak. Non aditu ahal izango dituzun aurten? Beheraxeago azalduko dizut.

ARGIAk publikatzen dituen erreportajeak, artikuluak eta elkarrizketak komentatzen dituzte saio hauetan. Interesatzen zaio ARGIAri eduki horiek tokiko irratietan zabaltzea, egiten duen lana ahalik eta jende gehienarengana iristea baitute helburu. Lizentzia librearen eta partekatzearen kulturarekin erdiz erdi jotzen du, gainera. Elkarlanak irratiei ere egiten die mesede, noski, euren programazioak gai interesgarriz osatzeko beste aletxo bat baita.

Kolaborazio finkoak daude, alde batetik. Horrez gain, behin baino gehiagotan deitu izan dute irratsaio desberdinetatik erreportaje edo artikulu zehatz baten inguruan hitz egiteko. Eta ez da hor bukatzen, Arrosa Sarearen bitartez ere aukera dago zenbait irratsaio Euskal Herri osoko txokoetan aditzeko; ARGIAk egiten duen Beranduegi podcasta kasu.

Kolaborazio finkoak

Hala Bedi irratiko Hizpidea saioan Urko Apaolazak hitz egiten du astearteetan goizeko 8:30ean. Hiru erreportaje edo albiste nabarmendu komentatzen dituzte normalean. Antzeko lana egiten du Jon Tornerrek irrati bereko Zebrabidea saioan asteazken arratsaldeetan, 16:00ak bueltan.

Xorroxin irratian ere Torner bera aritzen da asteazken eguerdian grabatu eta arratsaldez emititzen duten emankizunean. Kasu honetan lau dira lantzen dituzten artikulu edo erreportajeak.

Lanaren ekonomia irratsaioan, Bilbo Hiria irratian, astelehenetan 15:00etan, ekonomiaren inguruan landutako testu bat aukeratzen dute eta horren egileak hartzen du parte solasaldian –ARGIAko hainbat kazetari eta kolaboratzaile aritzen dira honetan–. Peru Iparragirre aditu daiteke irrati berean ostegun eguerdietan, 12:20ak inguruan, Ibaizabal Magazina emankizunean. Horrek ere nabarmendutako hiru artikulu edo erreportaje errepasatzen ditu.

Xabier Letonak, aldiz, Euskalerria irratian ematen ditu asteazken arratsaldetan, ordu laurden batean, ARGIAren inguruko azalpenak, zer duten eskuartean etab.

Pixkanaka, idatzizkoaz gain, beste formatu batzuetan esperimentatzen eta eskarmentua hartzen ari da lantaldea (irratian, ikus-entzunezkoetan, podcastetan…), jakinekoa baita teknologia berrien eskutik doan komunikazioaren munduan bide horiek jorratzea ezinbestekoa dela jendearengana iristeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA