Bidean da San Antonio

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Udazkena izango zen. Edo uda, akaso. Ez dut ondo gogoan, hilabete batzuk pasa baitira dagoeneko; baina ARGIAk zenbait ikastetxetara Koldo Rabadanen Bidean liburua bidalia zuen eta hemen emailez jasotako erantzun bat: “Zuekin harremanetan jartzen naiz, Bidean liburua dela-eta luzatutako proposamena eskertu eta ikastetxea eraldatzeko prozesu bati hasiera emateko asmoa dugula jakinarazteko. Liburua bidelagun eta euskarri izatea dugu helburu. Hilean behin, dekalogoko atal bat irakurri eta landuko genuke, horretarako hausnarketarako eta eztabaidarako denbora eskainiz”. Oier Urigoitia Ertzilurrutiren hitzak dira. Durangoko San Antonio ikastetxeko zuzendari pedagogikoa bera. Prozesua zertan den galdetu diogu.

Ikasturte honetan hasitako ibilbidea izanik, gaur gaurkoz ideiak, iritziak, proposamenak eta hausnarketak partekatzen ari dira hileroko kapituluaren irakurketa eginez. “Bidea hasi besterik ez dugu egin”, azaldu digu Urigoitiak, “momentuz begirada aldatu dugula esan dezaket”. Epe laburreko helburu bezala markatu dituzte kontzienteki hezkuntza ereduan eragina duten faktoreak identifikatzea eta horiek modu esanguratsuan erabiltzea. Epe luzeagoaz hitz egiten hasita, “oraindik harroago sentiaraziko gaituen hezkuntza eredua eskaintzea da asmoa”, adierazi du.

Zerk egiten du erakargarri liburua?

Arestian esan bezala, hezkuntza ereduaren inguruko alderdi desberdinetan murgiltzeko hausnarketa egiteko aukera eskaintzen du Bidean-ek. “Ametsetako eskola irudikatu eta gauzatzeko gonbitea luzatzeaz gain, arrakastarako hainbat gako eskaintzen dizkigu eta, nire ustez, liburua erakargarri egiten duena da esperientzian eta hezkuntzarekiko maitasunean oinarrituta dagoela”, erantzun dio galderari ikastetxeko zuzendari pedagogikoak.

Lehen pausoak ematen ari den prozesuan, ezin oraindik ere emaitza praktikorik eskaini. Hori dute hausnarketa prozesuek. Norabide aldaketa baterako agian beharrezkoak dira, baina hasieran itxura batera ez dute emaitzarik erakusten. Denak behar du bere denbora. Garrantzitsuena da, bidean dela San Antonio ikastetxea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA