[Itsaso Zubiria ETxeberria] Sarea garatzen joan den heinean joan da Argia.eus webgunea ere bere aldaketak eta egokitzapenak egiten. Azkena duela aste batzuk ezagutu dugu. Diseinuan argiagoa da, mugikorretara egokituago dago, dinamikoagoa da… Baina “tripei” eman diete garrantzia oraingoan; orrialdearen barne antolaketari, administrazioari, eta zergatia jakin nahi izan dugu.
“Alde publikoa, irakurleek ikusten dutena, urteetan zehar pixkanaka aldatuz joan gara etengabe. Zatiz zati berritu dugu eta beharraren arabera atal berriak gehitu ditugu. Adibidez, azala eta albisteen orriak hiru aldiz berritu ditugu hamar urtetan. Webgunearen administrazioaren garapenari aldiz, askoz denbora gutxiago eskaini diogu azken urteetan. Momentuko apurutik ateratzeko petatxuak betirako probisional bihurtzen joan ziren. Mantenu lan gutxi egin zaion etxe zahar bat bezala zen. Hondatutako eta hautsak hartutako gelak zituen, beste gela batzuei jatorrizkoa ez zen erabilera eman zitzaien, baina guztiz egokitu gabe, habeak pipiak jota zeuden… Aldaketa bat egiten hastean beldurrak airean ibiltzen ginen, nahi gabe gauzak puskatzea erraza zelako. Barrualdeko administrazioak, alde publikoari eman diogun zainketa eta maitasuna falta zuen. Horregatik, eraikin zaharra bota eta hutsetik berria eraikitzea komeni zela erabaki genuen”. Asier Iturralde ARGIAko eta Iametzako programatzailearen hitzak dira horiek.
Iturraldek ezin hobeto azaldu digu aldaketa nagusia: “Denbora asko eskaini diogu irakurleek zuzenean nabarituko ez duten zerbaiti, baina egin beharra zegoen, eta zeharka bada ere kanpotik ere nabarituko dela iruditzen zait. Kazetarien eta nire lana asko errazten du, eta joko asko emango du. Askatasun handiagoa dute kazetariek azala nahi eran antolatzeko, eta eguneroko beharren arabera azal desberdinak sortzeko aukera ematen du dinamikotasunak. Luzera begira egindako apustua da”.
Diseinatzailea prozesuan murgildu da
Kanpoko diseinurako, berriz, lehen aldiz gehitu dute prozesuan diseinatzailea. Maitane Gartziandia ibili da lan horretan. “Diseinatzea elementuak ordenatzea da, paperean bezala webgunean, irakurlearentzat ahalik eta irakurterrazen suerta dadin. Informazio asko ematen duen webgunea da gurea eta hori dena begiek ahalik eta ondoen jasotzea izan da asmoa. Tipografiak, kolore gamak edo testuen eta irudien arteko distantziak, adibidez, paper handia jokatzen dute”, esplikatu digu Gartziandiak.