Errekondoren kontsultategia, bai esan?

argia
0
Jakoba Errekondo. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Horrela has litezke Jakoba Errekondok herriz herri eskaintzen dituen hitzaldiak. Euskal Herri osoan barrena dabil, 2015ean Bizi Baratzea liburua argitaratu zuenez geroztik –aurretik ere eman zuen makina bat hitzaldi–. Liburua argitaratu zuenean aurkezpenak egiten hasi zen, Bizi Baratzea zer zen azaldu eta, dena deskubritu gabe bazen ere, bertaratutakoei argitalpenean aurkituko zutenaren berri ematen zien. Gero iritsi ziren, hurrenez hurren, Altza Porru, Etxeko Landareak eta Ilargia eta Landareak urteko lanen agenda.

“Liburuaren –izan Bizi Baratzea edo izan Etxeko Landareak– nondik norakoak azaltzea zen aurreneko hitzaldi haien muina eta bukaeran kontsultategiari tarte bat irekitzen genion, baina gaur egun gure hitzaldietara gerturatzen direnen gehiengoak ezagun ditu gure argitalpenak eta zuzenean kontsultategiari ematen diogu espazioa”, esan digu Errekondok. “Formatua beti bera da, baina aldi berean hitzaldi bakoitza mundu bat da, galdera-erantzunen jokoan sartzen garelako”, jarraitu du.

Denetariko jendea

Larunbat goizetan azken urteetan Euskadi Irratian eskaintzen duen formula bera da; aurrez aurre izatea. Gaia, hitzaldien kasuan ere, librea. Landareetara mugatuta, noski, baina gehiago zehaztu gabe. “Tokatu zait lekuren batetik gai zehatz baten inguruan aritzea, baina hala eskatu didatelako eta beraiek ere interes berezia zutelako horretan; orokorrean, ordea, ez dugu landareetatik haragoko zehaztasunik jartzen eta hala kontsultategia irekia izaten da”, azaldu digu usurbildarrak. “Basoan interesa izan dezake batek, baina ondo etor dakioke etxeko landareen edo baratzearen inguruko konturik ere”, zehaztu du.

Galderetan bezala bertaratutakoen profiletan ere aniztasuna egon ohi da. “Denetariko jendea” gerturatzen dela azpimarratu du Errekondok. Kazetariaren kuriositateari erantzunez adierazi du pandemiaren ondoren ez duela profil aldaketarik antzeman eta gehitu du hiritarragoa den eta nekazaritzara eta landareetara hurbiltzen ari den jende horren mugimendua pandemia aurretik hasita zegoela jada.

Ikasturte berrirako zitak

Asko dira Jakoba Errekondoren hitzaldietara behin baino gehiagotan joa(te)n direnak. Beti zerbait berria edo desberdina entzunda itzultzen baitira. Jarraitzaile sutsua bazara, kontsulta zehatzen bat egin nahi baduzu, sekula Jakoba entzun gabea bazara baina gustura adituko zenukeelakoan bazaude, landareen mundua atsegin baduzu… denek duzue lekua Errekondoren kontsultategian.

Ikasturte berrirako aurkezpen eta hitzaldi ugari ditu jadanik lotuta. Esaterako, irailaren 22an Aiaraldea Ekintzen Faktorian aurkituko duzu, Laudion, eta hil horren amaieran aurkeztuko dute ere Ilargia eta Landareak 2024 urteko lanen agenda.

Begiratu hurrengo zitak Biziaratzea.eus-eko agendan eta horrelako kontsultategi bat antolatzekotan bazabiltzate zuen herri edo auzoan, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA