Teoria jakitea ondo dago, baina praktikan jarri

argia
0
Sendabelarrek dakitena liburua sinatzen. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zikindu beharreko liburuak dira hauek”, diosku Garbiñe Larrea Iturraldek. Hor jartzen dituenak praktikan jartzen diren seinale da liburuak olio-, belar- edo lur-markak edukitzea. Hori da bai Sendabelarrek dakitena eta bai Sendabelar baratzea liburuen lehen helburua: praktika. Baita herriz herri Euskal Herri osoan zehar eskaintzen ari den hitzaldi, aurkezpen eta tailerrena ere. “Daukagun denbora hori gehiegi filosofatzen pasa beharrean dakiguna partekatu eta praktikan jartzeko erabiltzen dugu”, azaldu digu.

Garbiñeren hitzaldi batean izan bazara sekula –ez bazara izan, hemendik gonbita hurrengoren bat gertu xamar tokatzen zaizunean joatekoa– ikusiko zenituen bere aurrean edo inguruan sei landare. Garaiaren arabera aukeratuak. Horiek oinarri hartuta hitz egiten du aurrena liburuaz, gero sei horiexen aplikazio praktikoa egiteko.

Baina partekatzeko leku ere bilakatzen dira gune hauek sarri. Une bereziak izan ohi dira. Tokian tokian –eta etxe batetik bestera– desberdinak dira belar bakoitzarekin egiten direnak, formulak, helburuak. Batzuek aprobetxatzen dute berena kontatzeko, jakintza transmititzeko –beste batzuk jakin bai eta mutu mantentzea erabakitzen duten bitartean–. Beste batzuek haurtzaroko bizipenak azaltzen dituzte, hunkituta. Badira sendabelarrekin izandako istripuak aitortzen hasten direnak ere.

“Uste dut askotan pentsatzen dugunaren kontrara, jakintza hau gurean ez dagoela galtzear”, azaldu digu Larreak eta beste uste bat gezurtatu nahian jarraitu du: “Gerturatzen den jendea anitza da, ez da adin bateko emakumea bakarrik; landareekin bere lehen esperientziak bizitzen ari den gazte urbanotik hasi eta bizi guztian sendabelarrak inguruan izan dituen baserritarreraino; gizonak ere asko”.
Hitzaldi eta liburuak euskara hutsean egin izanagatik izan ditu gorabeherak, baina nik baino hobeto esplikatzen du berak Argia.eus-en aurkituko duzun Euskararentzat gu sendabelar artikuluan.

Justizia poetikoa

Garbiñe Larrearen hitzaldia ez da bat eta bakarra, gai desberdinak lantzen ditu hitzaldi bakoitzean. Xarabe jakin baten tailer teoriko praktikoa izan liteke edo sendabelar baratzea egitekoa, baita sendabelarren beste aplikazio batzuen azalpen eta aplikazio praktikoez aritzeko espazioa ere.

Pentsa gauzak nola diren, ez oso aspaldi guardia zibilez betetako Leitzako kuartelean, hamaika euskal herritarrek ondoegi oroituko dituzten ziegetako batean aritu dira Euskal Herriko txoko ugaritatik gerturatutako emakumeak euren zikloez eta osasun hormonalaz, sendabelarrak uztartuz. Ez al da polita?

Hemendik aurrerakoak

Agenda betea du Garbiñe Larreak. Abuztuan atseden pixka bat hartuta, irailetik aurrerakoak ere topera ditu: Azpeitia, Otxandio, Ataun, Urnieta… Zita guztiak ezagutzeko, Argia.eus/solasaldiak atalera joatea da hoberena.
Eta horrelako hitzaldi, aurkezpen, tailer edo antzekoren bat antolatzekotan bazabiltzate, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA