Utopiatik egunerokora

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hala jarri diote izena aurtengo Euskarabildua jardunaldiei, mintzatzeko Google-tik harago dagoen mundu burujabeaz. Baina izan zitekeen 2012an Iametzak eta Ametzagaña taldeak antolatu zuten estreinako edizio haren izena ere. Hamabi edizio iragan dira ordutik. Hizlariak, hamaika. Baina egin dezagun errepaso eta memoria lan txiki bat artikulu honetan, irakurle, antolatzaileek bestela pentsa baitezakete ere, jende asko egon baitaiteke Euskarabildua hitza lehen aldiz aditzen duena. Zer da? Nondik dator kontua?
Euskararen sustapena teknologia berrien bidez izan zen duela hamarkada bat landu zuten gaia. 2012 hartan izen hori jarri zieten urteroko zita bilakatuko diren Euskarabildua jardunaldiei. Hori zen (eta jarraitzen du izaten) helburua, euskara eta teknologia elkartuko dituen erreferentzia gunea sortzea. Dibulgazio lana egiten da, berritzaileak edo tendentziak diren gaiak jorratzen dira, aurrez Euskal Herrian egon ez diren hizlariek parte hartzen dute eta nazioarteko izaera ere badu, bertako esperientziei leku emateaz gain, nazioartean erreferentzia diren kideak gonbidatzen baitira. Saretzea ere bada asmoa, teknologiaren inguruan dauden mugimenduak ezagutzera ematea eta sor daitezkeen sinergiei espazioa irekitzea.
Edizio batzuk izan dira, lehena kasu, euskarari zuzenean lotuta egon direnak. Inplizituago geratu denetan ere, dena den, bere lekua eman nahi izan zaio, era kontzientean, euskarari. Xedea hori baita, teknologiaz hitz egitea euskararen ikuspegitik, ertz desberdinak ukituz. Bertako hizlariak direnetan, lehenesten da euskaraz egitea eta bere aurkezpena beste hizkuntza batean egiten dutenen kasuan euskarara egiten da momentuko itzulpena.
Teknologia burujabetza da azken urteetako gai izarra, horretan buru-belarri sartuta baitabiltza Iametza eta Ametzagaña taldea (ARGIA tarteko). Aurtengoa urriaren 26an egingo da, Donostiako San Telmo Museoan eta Utopiatik egunerokora: Google gabe, aukera burujabeak badira izena jarri diote. Modu burujabean kudeatu ezin diren teknologiek komunitateari hizkuntza txikienei edo ingurumenari sortzen dizkieten kalteak mahaigaineratu eta martxan dauden teknologia burujabeek eskaintzen dituzten aukerez ariko dira.
Ez galdu aukera eta eman izena euskarabildua.eus/izena-eman orrialdean. Hitz egin dezagun Google unibertsotik harago, software librea herritarrei hurbiltzeko lan egiten duten kolektiboez eta euskarari lekua egiten dioten proiektu teknologikoez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA