Zergatik eta nola egingo dugun ARGIAn Greba Feminista Orokorra

argia
0

Azaroaren 30ean ARGIAk greba egingo du, gizarte mailan zaintza krisi gordina bizi dugula ikusten dugulako eta bat egiten dugulako zaintza publiko eta komunitarioaren defentsan mugimendu feministak eta hainbat gizarte eragilek planteatu dituzten helburu zehatzekin.

Greba egin edo ez erabakitzeko ARGIAko langileok asanbladan elkartu ginenean, aukera baliatu genuen ARGIA barruan zaintza eta lan ordaindua nola bizi ditugun hitz egiteko. Uste dugu bakoitzak bere eguneroko bizitzan aldaketak egitea funtsezkoa dela gizarte mailako eraldaketa bultzatzeko. Autobehaketatik eta autokritikatik hausnarketa hauek atera ziren eta gure komunitatearekin partekatzen ditugu, ikuspegiak aberasteko balio dezaketelakoan:

ARGIAn langileok jabe izateak aukera ematen digu gure eguneroko praktikan lana-zaintza uztartzeak sortzen dituen korapiloak identifikatzeko eta horiek askatzen lagundu dezaketen lan moldeak ezartzeko. Nola uztartu eguneroko egoera zehatzetan lana, lan barruko zaintza, lanaz kanpoko zaintza…? Urtez urte joan gara korapiloak problematizatzen, hitz egiten eta eztabaidatzen, enpatizatzen eta bizitza eramangarriago egiten duten lan ikuspegiak eta antolaketak praktikan jartzen. Horren ondorioz, produktibismoa helburu bakartzat daukan enpresa ereduarekin alderatuta, lan molde bizigarriagoa dugu ARGIAn. Honek badu beste aldea, ordea: gizarte mailan eta sektore guztietan pausoak ematen ez diren bitartean, askotan ARGIAko (eta ekonomia sozial eraldatzaileko beste lantoki askotako) langileok hartzen dugu gure bizkar egunerokoan ingurukoek lanarekin uztartu ezin duten zaintza.

ARGIAn zaintzaren aldeko giroa dago langileon artean, eta ARGIAko lankide gizon eta emakumeen artean ez dago gizartean bezainbesteko arrakalarik: nahiko parekatuak dira ARGIAko gizon zein emakumeek hartzen dituzten zaintzarako ordu murrizketak, ordaindu gabeko oporrak… Ohikoa da gizon eta emakumeen aldetik, eguneroko lana moldatzea lanaz kanpoko zaintzaren arabera. Baina genero sistemak langileon artean eragiten jarraitzen du, hala ere. Gure egunerokoa feminismotik eraldatzeko bidean aitzina egin arren, badaukagu oraindik zer gogoetatu, deseraiki eta aldatu ARGIA baitan ere. Adibide bat ematearren, ez du konnotazio, karga edo esanahi bera langile gizon edo emakume batentzat zaintza beharrak lantokian mahai gainean jartzeak: gizonei plus bat ematen die (“zaintzen duten pertsona jatorrak dira”) eta emakumeei minusa (profesionaltasuna apaltzearen moduko zerbait).

ARGIA barruko eguneroko lanetan ere ikusten ez den zaintza lan handia dagoela hitz egin dugu asanbladan. Sinatzen ez diren lanak dira, gure komunitateak inoiz ezagutzen ez dituenak, hedabide baten eguneroko martxan ezinbestekoak direnak. Askotan esku-lanarekin dute zerikusia, edo pertsonen zaintzarekin, edo lantokiaren eta gauzen mantenuarekin. Sinatzen den artikulu, liburu, jolas, argazki, ilustrazio… horiek guztiak ezingo lirateke egin edo ez lirateke komunitatearengana iritsiko ARGIAren lantalde osoaren lanik –askorena ikusezina– gabe. Horien artean bada lan bat lantoki ia denek azpikontratatu izan duguna: garbiketa. Emakumeek egina, askotan arrazializatuek, beti lantokiotako langileok baino prezio merkeagoan, lantokian urteak daramatzaten langile finko askok haien izena ere ezagutu gabe… ARGIAk eman duen lehen urratsa enpresa handi horiekin harremana moztea izan da eta gaur gaurkoz garbiketa langileon artean egiten dugu txandaka. Hurrengo pausoa, eredua bera birpentsatzea izan beharko da.

Kazetaritzara etorrita, ARGIAk berresten du kazetaritza feminista egiteko konpromisoa, betaurreko morez eta autokritikatik etengabe birplanteatzeko zer gai lantzen ditugun, nortzuei ematen diegun ahotsa, zein ikuspegitatik kontatzen dugun errealitatea, zein hizkuntza darabilgun, zein moldetan egiten den lana… Zehazki azaroaren 30eko greba egunerako, hauxe da asanbladan erabaki duguna: kazetariak ez diren ARGIAko langile guztiek lanuztea egingo dute egun horretan. Kazetariek greba aktiboa egingo dute, hau da, grebaren jarraipena da militanteki egingo duten lan bakarra, hori baita gure ustez ARGIAk grebari egin ahal dion ekarpen handiena. Eta egun horretako kazetari lana antolatzerakoan, berriz jarri da mahai gainean ea zein diren egun horretan kazetari lana eta zaintza lanak bateragarri egiteko moldeak, lan txandak eta lan bolumenak. Beraz, ARGIAk egun horretan soilik grebaz informatuko du, eta kazetariek egun horretan ere zaintza lanak orekatu beharrak baimentzen duen neurriko jarraipena egingo du. Adostu dugu greba egun honetarako egin den planteamendu informatiboa eta lan antolaketa oinarri moduan hartuko direla datozen greba edo jarraipen berezia eskatzen duten egunetarako (hauteskundeak, adibidez). ARGIA barrura begira, kazetaritza eta zaintza biak erdigunean egon daitezen beti, kanpora begirako itxurakerian erori gabe: ez dadila gertatu mugimendu feministaren mobilizazio egunetan erdigunean batez ere zaintza jartzea, eta gainerako deialdietan erdigunean batez ere kazetaritza jartzea.

ARGIA barruan jarraituko dugu lan produktiboa zentroan eta zaintza periferia gordean jartzen dituen sistema problematizatzen eta denon bizitzak erdigunera eramateko ikuspegia jorratzen. Eta noski, jarraituko dugu osotasunezko bizitzaren ikuspegiak eguneroko lan moldeetan praktikan jartzeko ahaleginean. Hedabideen sektoreari begira, beste hedabideetako langileekin elkartasunezko harremana landu nahi dugu. Horregatik, ARGIAtik oihartzuna eman nahi diogu eta babesa adierazi nahi diogu hainbat hedabidetako kazetariek sinatu duten manifestuari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA