Abenduaren 6an Konstituzioaren Eguna ospatzen dute batzuek Espainiako Estatuan. ARGIAn aspaldi egin genuen hautua gure egutegi propioa landu eta jai inposatzaile eta arrotzak ez onartzeko; horregatik, ostiral honetan normaltasunez ari gara lanean, ez dugulako ezer ospatzeko.
Administrazioko eta erredakzioko kideak ohi bezala ari dira euren zereginetan: goizean goizetik webgunea eguneratzen ari gara eta Lasarte-Oriako ateak zabalik daude. Horrez gain, Durangoko Azokan aurkituko gaituzue azken nobedadeen eta gure proiektu komunikatiboaren berri ematen.
Egutegi propio horren barruan, urriaren 12a eta uztailaren 14a ere egun arrotzak zaizkigu. Aldiz, abenduaren 3an jai egiten dugu ARGIAn, Euskararen Egunean, gure balioekin bat egiten duen eguna delako.
Kazetaritza independente eta eraldatzailea dago proiektu honen oinarrian, eta diruz babesten duten gure komunitateko kideei esker hartu ditzakegu halako erabakiak. Zuk ere babestu nahi baduzu, egin zaitez ARGIAkoa.