[Itsaso Zubiria Etxeberria] Egonarria podcast saioaren bigarren denboraldia hasiko da 2024an sartzearekin batera. Eli Pagolak eta Mattin Jauregik bideratuko dute oraingoan ere ikus-entzunezkoa, baina baditu berritasun batzuk eta uste dut interesatuko zaizkizula, irakurle. Egunero ezingo duzu saio berri bat dastatu, baina, udara bitarte, astean behineko maiztasunarekin konformatuko bazara, jarraitu irakurtzen.
Urtarrilaren 10ean, asteazkenarekin, argitaratuko da denboraldi berriko lehen atala argia.eus/multimedia-n. Lurrari entzuten dion jendea izango da protagonista, lurrari kantatzen diona, lurrarekin dantzan ari dena. Badago zer kontatua eta lehen gonbidatua Aitor Aranburu izango da, Behieko proiektu ekologiko txikiko langilea, ARGIAko platora bertaratu dena haragi sintetikoaren industriaren iritsieraz eta honek planteatzen dituen galderez hitz egiteko. Akaitz Sarasolaren gaztainadia ere ezagutuko dugu Mattin Jauregiren eskutik edo entzun ahal izango ditugu Ostia kolektiboko Hartzea Lopez Adan eta Joana Detchart-en ahotik lurraren aldeko borroken, errepresioaren eta garaipenen inguruko azalpenak.
Bi zatik osatutako puzzlea
Pil-pilean dauden gaiak ekarriko ditu ikus-entzuleenganaino, ordu-erdi inguruko elkarrizketa bidez, Eli Pagolak. Platoan arituko da bera, eta gai zehatzez mintzatzera ekarriko du lurrari lotutako jendea; beren esperientziatik hitz egitera, baina beti hari bati jarraituz –Aitor Aranbururen kasuan, haragi ekologikoa ekoizten duen Behieko-ren esperientziatik, eredu talka egiten duen haragi sintetikoen gaia ardatz hartuta, adibidez–. Aldiz, Mattin Jauregik landa-lana egingo du gehiago. Sukalderaino sartuta ezagutuko ditu hainbat bizipen eta proiektu eta esperientzia horietan zentratuko da gehiago, gai jakin batean baino.
Bakoitzak izango du, denboraldi honetan, bere saioa. Bi zatik osatutako puzzlea. Beraz, asteazken batean Jauregiren pilula bat jasoko dugu eta beste batean Pagolarena; nahiz eta ez den beti txandakako maiztasunean funtzionatuko –joango zara zeu, erritmoa ikus-entzuten, irakurle–.
Egunero egin beharreko zerbait dugu elikadura, baina eskubide behar lukeena negozio bilakatua da aspaldi eta iritsi gara nahi izatera janaria erraz, azkar eta merke; dirua beste gauza batzuetan inbertitzeko. Baina ze kostu du horrek gure osasunean eta lurrarenean?
Ikus-entzule, Egonarria-ren bigarren denboraldi honetan beste elikadura sistema bateranzko bidean erreferentziazko pertsona eta proiektuak direnak aurkituko dituzu.