[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lekak, tomateak, piperrak… urte osoan dendetako paisaiaren parte bihurtu zaizkigu azken urteetan eta erosle gazteenok –30 urte inguruko gazteez ari naiz, gurasoen etxetik ateratzeko adina atzeratzen ari denarekin erosketak egiten hastearena ere atzeratzen ari denaren irudipena baitut– jada ez dakigu urtaro bakoitzean zein barazki den loratzen, zerk/noiz ematen duen fruitua. Azokatik pasatzen denak izan dezake, akaso, ideia garbixeagoa; herriko plazetako postu txikietan jartzen baitituzte oraindik sasoiko gutiziak bistan. ARGIAk ere baditu ereinda aurtengo uztan biltzeko asmotan zenbait landare, eta azokan jarriko ditu salgai, heldutakoan.
Hezkuntzari lotuta Koldo Rabadan Izagirrek 2021ean ARGIArekin batera argitaratu zuen Bidean liburuak jarraipena izango duela jakinarazi berri digute. Emozionatzeko, ikasleekin konektatzeko eta jakin-mina pizteko gai diren eskola eta irakasleak behar ditugula gogorarazi zigun duela hiru urte Rabadanek. Orain, bigarren uztan, haurrek dituzten eta gutxitan goraipatzen dizkiegun abileziak ekarriko dizkigu paperera, eta dituzten “super-botereak” aztertuko ditu kapituluz kapitulu: “ilusioa, hegan egiteko boterea, irria…”, esate baterako. Lehenaren modura, umore puntuarekin eta irakurterraza izateko asmoz sortua, baina edukiz jantzia izango da.
Lurrari begira jarrita ere, Bizi Baratzea proiektuak lanean jarraitzen du eta hazien inguruko liburu bat aurkeztuko dute udara aldera. Mundu mailako auzia dakar mahai gainera, burujabetzarako lehen urratsa baita hazia. Bestetik, gure lurretan haziak lantzeko, gordetzeko eta landatzeko argibide zehatzak ematen ditu. Eta mikroargazkilaritzari esker, egunerokoan ia ikusi ere egiten ez ditugun haziak tamaina handian eta xehetasun guztiekin ikusi ahalko ditugu. Horrez gain, kosmetika osasuntsuari buruzko liburua argitaratuko du geldirik egoteko jaio ez zen Garbiñe Larreak. Sendabelarrak eta gainerako gai naturalak erabilita gorputza garbitzeko, hidratatzeko eta edertzeko kosmetikoak egiten erakutsiko digu liburu honetan.
Hizki Pizti eta Jarioka mahai-jolasak ere beren bidea egiten ari dira eta horri indartsu eustea da ARGIAren asmoa, aurkezpenak eginez eta, Hizki Pizti-ren kasuan, tailerren aukera ere eskainiz. Eta, nola ez, Inor ez da ilegala. Udarara begira kolore berriren bat iritsiko da kamisetetan eta negurako jertseren bat ere bai.
Hori eta askoz gehiago, azoka.argia.eus helbidean!