ESEk euskaraz ere badu esanahia

argia
0
Zarauzko Lakari dendaren aurrean Olatukoopeko kideak. Argazkia: Olatukoop / Ido Photography
Zarauzko Lakari dendaren aurrean Olatukoopeko kideak. Argazkia: Olatukoop / Ido Photography

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Olatukoopek hamargarren urteurrena ospatuko du eta horren berri ematea ondo legoke”, jaso nuen mezua. Aurreko astekaria dagoeneko etxean baduzu –bidalketen kontua nola dagoen ikusita, auskalo!– ohartuko zinen, irakurle, erreportaje sakon bat datorrela gaiaren inguruan. Duela hamar urte ESE siglak (Ekonomia Sozial Eraldatzailea) modan jarri zituzten horiek bizirik diraute eta ARGIA ere sare horren parte da.

2014an hasi zuen bere ibilbidea ekonomia sozial eta eraldatzailearen norabidean Olatukoopek eta 2017an batu zitzaion ARGIA. Hasiera batean kide moduan eta bazkide bezala bizpahiru urteren buruan. Sarean sartu zen lehen urtea, ARGIAkoek oroitzen dute “lurra hartzeko” une gisara. Batzarretan parte hartzen hasi ziren, sareko beste eragileak ezagutzen, bakoitzaren egiteko erak eta sarearenak ulertzen… “Olatukoop eta ekonomia eraldatzailearen bueltan dabiltzan eragileen ekosistema askotarikoa bezain konplexua da eta pixkanaka ulertu beharreko zerbait”, azaldu digute.

Etiketarik gabeko ESE
Langileen artean hausnartu eta erabakitako jauzia izan zen Olatukoopen sartzea, noski. 2008az geroztikako gertakariek lagundu zioten ARGIAko lantaldeari beren jarduna ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan kokatzen eta ohartzen, 1980an enpresa langileek beren esku hartu zutenetik, ekonomia eredu horretan ari zirela lanean, intuizioz edo etiketarik gabe.

2019-2020an pasa zen ARGIA bazkide izatera eta hala, sareko parte hartzean presentzia handiagoa edukitzera. Koordinazio Batzordean ibili zen ARGIA denbora batez Olatukoopen egituratze fasean eta astekarian ‘Esperientzien Kutxa’ atala martxan jarri zen sareko hainbat kooperatiba eta enpresa komunitariori ahotsa emateko. Azken bi urteotan egituratzea hobeto definitzea egokitu da eta eztabaidan parte hartu du ARGIAk. Olatukoopek, aldi berean, ekonomia ereduaz hausnartzeko tartea ireki dio ARGIAri enpresa barruan, gaiaz mintzatzeko eta egiteko zenbait forma birplanteatzeko; eta sareak balio dio ARGIAri mugimendu baten barruan kokatzeko, kazetaritza eraldatzailea egiten duen heinean. Olatukoopera ARGIAtik joaten diren ordezkariak ere aldatuz joan dira eta helburu batekin hartutako erabakia da: Olatukoopen inguruko ezagutza eta lana gehiago kolektibizatzea ARGIA barruan.

Azken batzarrean fase berri baterako ildoak zehaztu dira, baina aurretik, ospakizun festa, maiatzaren 18an, Donostian. Ospa dezagun eta gero gerokoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA