[Itsaso Zubiria Etxeberria] Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela ez da beti egia izango, baina Adur Larrea gure asteroko iritzi-egilearen kasuan bai. Ez hanka ez buru atalean marrazki bidez jartzen dio ahotsa gaurkotasunaz esan nahi duenari eta bi mila hitzen balioa ere ematen die bere ilustrazioei.
Goizeko albistea iluntzerako zaharkituta geratu da, beste gertakari batek kendu dio lekua lerroburuetan. Hori da gaurko egunerokoa. Nola lortu astekari batean aktualitateaz mintzatzea atzera geratu gabe? Galdera hori eginez hasi dugu elkarrizketa eta erantzuna argia izan da: “Geroz eta iraungitze-data laburragoa dute gaurkotasuneko gaiek eta sare sozialei esker (edo erruz!) buruan zenuen gag edo delako ideia beste batzuek egina dute jadanik, beraz, txistea ehizatzeko eremua txikitzen da. Hortaz, sarritan, gai atenporalagoak lantzen edo gai berari bigarren eta hirugarren buelta bilatzen saiatzen naiz”. Pil-pilean dauden gai sozial eta politikoak ekarri ohi dizkigu paperera Larreak, bere interesekoak –noski, horretarako eskatzen baitzaio bere iritzia!–. Bere estilo eta koloreekin jokatzen du, eta zera azpimarratu digu: “Saiatzen naiz azaleratzen gizartearen problematikak eta kezkak, edo beste ahots batzuen errebindikazioak anplifikatzeko ere baliatzen dut”.
Atseginez jasotzen ditu bere iritzien kritikak, zerbait eragiten duten seinale. Sortu du inguruan polemikatxoren bat edo beste eta aitortzen du “kritikak jasotzen eta eztabaidak pizten jarraitzea espero” duela.
Demagogia inspirazio
Idaztera ohitua denari zail egiten zaio irudikatzea nola esan litekeen berak bi mila hitz idatzitan esaten duena, irudi bakar batean. Ilustratzaileak horixe du, ordea, bere hitz egiteko era, eta dio: “Sintesi lana da, nire egiteko maneran flash batean heldu beharko litzaioke irakurleari eta horretarako hitz joko edo esaera zaharrak baliabide osagarriak izan daitezke”.
Batzuei dutxan pizten omen zaie bonbilla, paseoan dabiltzala beste batzuei. Adur Larreak aitortu digu demagogia, hipokrisia eta populismoa dituela bere ilustrazioetarako inspirazio-iturri. Garaiotan badu nondik edan!