Ondo esanak gogoan hartu

argia
0
Bideo erreportajeetan ikastetxeetako esperientzia interesgarriak lantzen dituzte, jendeari kontatzea merezi duten proiektuak.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bizilagunak kontatu dit alabaren ikastetxeko guraso elkartean sartu berri dela eta motibatuta dagoela; giroa ez dela, akaso, mundialena, baina gogotsu dagoela agian horrexegatik, gauza batzuk aldatzeko aukera ikusten duelako. Eta bururatu zait, ideia batzuk hartzeko, Ikusi eta ikasi bideo erreportaje sorta bidaltzea auzoari, esperientzia onak partekatzeko bide aproposa izan baitaiteke, hezkuntza komunitatearentzat.
Lehen denboraldia amaitzear dela bidali diot lotura. Sei bideo erreportaje osatu dituzte, Mikel Garcia ARGIAko kazetariaren gidoia oinarri hartuta, Bira Produkzioak teknikari lanetan, Eneritz Arzallus eta Manex Moreno (biak ARGIAko ikus-entzunekoen alorrekoak) irudi- eta soinu-grabaketa eta nahasketetan, Adur Larrearen ilustrazioek lagunduta. Eskola bat, esperientzia bat, izan da proposamena. Jendeari kontatzea merezi duen proiektu bat, komunitateari lan baten berri emateko leihoa. Hitz egin digute osasun mentalaz, irakurtzeko zaletasunaz, naturaz hitz egiteko lau pareten artetik ateratzeaz… eta azken esperientzian ikusi ditugu Lekunberriko (Nafarroa) gurasoak hezkuntza komunitatean eragiten. Bertatik bertara ezagutu dituzte proiektuak eta, Mikel Garciak esan digunez grabaketek ikastetxean “aztoramena” eragin badute ere, bisualki oso eduki atsegin eta txukunak osatu dituztela aitortzea merezi duelakoan nago, edukiz ere mamitsuak.

Badu artxibo lanetik ere. Egiten dena kontatzeak eta gordetzeak ere badu balioa ondokoentzat. Bada hezkuntza komunitateari elkar ezagutzeko eskainitako baliabide bat ere, albokoa zertan ari den ezagutzeko. Gerturatzeko, nolabait.

Uste dut gaur bezala bihar ere baliagarriak izango diren esperientzien aurrean gaudela eta, albiste on bat emango dizut, irakurle: datorren ikasturtean bigarren denboraldia izango dugu!

Ederra litzateke bizilagunarekin igogailuan berriz topo egiten dudanean esango balit erabilgarria izan zaiela esperientzia hauek ezagutzea, antzeko proiekturen bat beren ikastetxean martxan jartzeko. Pazientziarik gabeko mundu honetan oraindik ere zenbait gauza su txikian egitea hobe da. Batzuetan erre egiten da eltzekaria, baina beste batzuetan gozoa izaten da emaitza.

Ikusi eta ikasi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA