Nor ote da iritzigile misteriotsua?

argia
0
Imanol Epeldek 'Panorama' ataleko asteroko zutabea egiteari utziko dio. Hurrengoa urtarrilean hasiko da, baina zuek asmatu beharko duzue nor izango den. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Abuztuko oporraldia gerturatzen ari da eta horrekin batera iritsiko zaigu guri ere geldialdia. Ikasturte batetik bestera gertatu ohi den bezala, batzuk joan eta besteak etorri, Imanol Epelderi agur esateko tenorea heldu zaigu. Irailetik urtarrilera hutsune bat nabarituko duzu atal horretan, irakurle, baina lasai, ondorengoa lotuta dago; kontua da, Epeldek listoia altu jarri duela eta udazkena entrenamendurako hartuko omen du. Nor izango den? Eragin buruari eta egin apustu, jaun-andereok!

Badakit, iruditu lezake oraindik itxi gabeko zerbait dela (zenbat kontzertu sorpresa jarri ote genituen gaztetxeko karteletan, azkena oraindik lotu gabe geneukalako eta afixa kaleratu beharra zegoelako!), baina ez. 2027ra arte itxaron beharko dugu oraindik, bai; ordea, esperoak mereziko duelakoan nago. Datorren udazkenean entrenatzen arituko da… Zain egoteak mereziko duela baldin badakigu, jada ezagutzen dugulako izango da… Nor ote?

Eskerrik asko, Imanol
Epelkeriarik gabe eta luma zorrotz, idatzi digu astero-astero Imanolek aldizkarirako. Badaude berria noiz argitaratuko duten zain egoten naizen iritzigile batzuk, eta bera da horietako bat. Epelkeriarik gabeko Epelde. Ironikoa, bizia, zuzena. Berriketa gutxi, dio berak, baina berriketakoa da idazteko duen manera. Berriketa gutxi eta esandakoak asko izan ditu urtebetean.
Ez da bakarrik hitzak josteko duen abilezia. Asko gusta baitakiguke estilo bat eta, batere ez dioena. Edukia. 2.000 karaktere (espazio eta guzti, ojo!) behar ditu, ez gehiago, egurra partitzeko. Euskaratik mintzo zaigu, euskaratik eta euskaraz, eta askotan lortzen du tripak mugitzea edo arinkerietan erori gabeko umorez, irribarre maltzur xamar bat irakurlearen aurpegian marraztea. Bete du bere zikloa, ordea, eta hala adierazi dio ARGIAko erredakzioari. Ez da moskeo arrarorik egon, dibortzio baketsu bat besterik. Maitasun berrietara ireki eta nobedadearen zain geratuko gara, tximeletak tripan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA